Arrasteontzi pelagikoak euskal uretan gehitu egin direla ohartarazi du Eguzkik
Porturatu diren ontzi gehienak frantziarrak eta irlandarrak direla dio talde ekologistak. Azaldu dutenez, sare palegikoen erabilera debekatuta dago.
Sare pelagikoen erabilera debekatuta dagoen arren euskal kostaldean arrantza mota hori egiten duten ontziak urtez urte “geroz eta gehiago” direla salatu du Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak. Abuztuaren 5ean, hegaluzearen kanpaina bete-betean, esate baterako, Ondarroako portuan mota horretako hamabi ontzi irlandar zenbatu zituzten. “Hau onartezina da, urtetik urtera marka hautsi nahi dutela dirudi. Den-dena suntsitzen ari dira”.
Euskal portuetan dauden ontzi gehienak frantziarrak eta irlandarrak direla dio Eguzkik. “Teorian, nazioarteko uretan jarduten dute, Europako legediaren babesean, baina batzuetan kostaldetik 12 milia baino gutxiagora arrantzan egiten dute, hau da, legea urratzen dute”. Talde ekologistak azaldu duenez, sare pelagikoen erabilera debekatuta dago euskal uretan zein Espainiakoetan ere. “Arrantza mota honek den-dena harrapatzen du eta, ondorioz, arrantza bazterkin handia sortzen du. Ez da jasangarria, arrantzalekuak eta ekosistemak agortzen ditu”.
Arrantzarako bikote horietako batek 90.000 kilo hegaluze baino gehiago porturatu zituela esan dute. “Ale gehienak birrinduta zeuden. Kiloa 2-3 euroan salduko zieten Ondarroako handizkariei. Ondoren, kofradiatik igaro ere egin gabe, merkataritza gune ezagunetara eta gure kontserba fabrika gehienetara joango ziren. Fabriketan latetan sartu eta dendetan kiloa 16-21 euroan salduko dute, kanaberaz banan-banan arrantzatutako hegaluzea balitz bezala”.
Salatu dutenez, harrapatutako arrain asko baztertu egin behar izaten da
Arrantza modu hori “oso suntsitzailea” dela diote. Sare pelagikoekin arrantzan egiten duten ontziek binaka egiten dute, sare bat arrastaka eramaten dute erdian inbutu erraldoia sortuz. “Sare inbutu hauek oso handiak dira, futbol zelai baten neurriko ahoa ere izan dezakete, eta, jakina, bidean aurkitzen duten guztia harrapatzen dute; helburu duten espezie komertzialak eta ez komertzialak, baina baita espezie babestuak ere, hala nola, dortokak eta izurdeak”.
Salatu dutenez, harrapatutako arrain asko baztertu egin behar izaten da, “komertziala ez delako, sareetan denbora gehiegi egon delako azpian zanpatuta geratu delako. Baztertutako hori guztia berriz ere itsasora doa, baina hilda”. Eguzkiren esanetan, kantauriko arrantzaleek, kontrara, hegaluzeak banan-banan arrantzatzen dituzte, kanaberaz edo xaxian, artisau tresnekin. “Aleak banan-banan arrantzatzen dituzte, arrantza bazterkinak saihestuz“.
Hori guztiori saihesteko, konpromiso handiagoa eskatu diete erakundeei. “Gure ustez, arrantza bazterkinekin, kuotekin, deskargatzeko aldez aurretiko abisuekin eta lonjatik igarotzerakoan zorrotzago jokatu beharko lukete”. Era berean, euskal erakundeei trazabilitatea bermatzeko eskatu diete, hegaluzea non arrantzatu den, zelan, zein ontzik arrantzatu duen eta zein portutik datorren “argi eta garbi” identifikatuz. “Bai freskoan, bai latetan eta laten kasuan arrain freskoa edo izoztua erabili den zehaztu beharko litzateke”.