Jabier Zubiaurre mutrikuarrak irabazi du Gipuzkoako artzain txapelketa
Aurtengoarekin hirugarren aldiz irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Irailaren 18an Garain jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortu du mutrikuarrak.
Domekan arratsaldean [irailak 5] erabaki zen Legazpin Gipuzkoako 52. Artzain Txakur Txapelketa, eta bertan Jabier Zubiaurre mutrikuarra suertatu zen garaile. Parte hartu zuten zazpi txakurren artean Mendi izan zen onena. Gorbeiako euskal artzain txakurrak erakustaldi ederra eskaini zuen Urtatzako zelaian egin zen txapelketan, eta Ibiri baserriko artzainaren gidaritzapean 337 puntu eskuratu zituen. Txapela, gainera, oso borrokatua eta alde oso txikiarekin erabaki zen. Bigarren saria Aitor Tato ataundarraren Nabar txakurrarentzat izan zen (335 puntu) eta hirugarren saria Migel Arregi oñatiarraren Lagun-entzat (334 puntu).
Txapelaz eta garaikurraz gain, irailaren 18an Garain jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela ere lortu du mutrikuarrak. Aitor Tato txapeldunordearekin batera Gipuzkoa ordezkatuko du.
Aurtengo txapela soinean “pozik” agertu da mutrikuarra. Azaldu duenez, aurtengoarekin hirugarren aldiz irabazi du Gipuzkoako txapelketa. 2019an jokatu zen aurrekoa eta hura ere berak irabazi zuen, orduko hartan ere Mendi-rekin. “Aurrerago, duela zortzi bat urte, irabazi nuen txapelketa lehenengo aldiz. Txiki txakurrarekin irabazi nuen, orain txapelketa irabazi dudan txakurraren aitarekin, hain justu”.
Mutrikuarrari azken txandan egokitu zitzaion lanak egitea, eta gainontzekoen lanak ikusita, txapelketa irabazteko aukerak bazituela iruditu zitzaion; “trankil” egon zela aitortu du. “Txakurra eta biok trankil ibili ginen, besteetan baino trankilago. Etxean lana ondo egiten didala ikusita, txapelketa irabazteko esperantza nuen. Beste txakurrak lehenengotik mingaina aterata ikusi nituen, eta horrek ere konfiantza eman zidan”.
Lehiaketa hiru probak osatzen dute, eta bertan txakurra gidatzen duten abilezia erakutsi behar izaten dute artzainek. Lehen zatia hirugarren postuan hasi zuen, bi puntu atzetik. “Artaldea ezin batuta ibili nintzen, eta hesi artetik igarotzea nahi baino gehiago kostatu zitzaidan. Hala ere, lasai mantendu nintzen”. Estrategia aldatzea erabaki zuen, eta azpimarratu duenez, azken zatian erabaki zen txapelketa. “Nuen guztia bota nuen, eta emaitza nire alde jarri zen”.
Sailkapena:
- Jabier Zubiaurre (Mutriku) eta Mendi, 337 puntu.
- Aitor Tato (Ataun) eta Nabar, 335 puntu.
- Migel Arregi (Oñati) eta Lagun, 334 puntu.
- Migel Arregi (Oñati) eta Argi, 152 puntu.
- Jose Mari Bengoa (Oñati) eta Eder, 148 puntu.
- Jose Mari Bengoa (Oñati) eta Zeu, 140 puntu.
- Aitor Tato (Ataun) eta Moro, 84 puntu.