Mutriku Sokatira Taldeak emaitza onak lortu ditu Mundialean
Mutriku Sokatira Taldetik 11 tiralarik parte hartu dute txapelketan. Talde modura emaitza azpimarragarririk lortu ez badute ere, pozik bueltatu dira. 23 urtez azpiko kategorian aritu diren ordezkariak bitan igo dira podiumera.
Irailaren 16tik 19ra Getxon lehiatu duten lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan parte hartu duten taldeen artean egon da Mutriku Sokatira Taldea. Ez dute zorterik eduki, eta dominarik lortu ez badute ere, txapelketa oso ondo joan dela azpimarratu dute. Balorazio positiboa egin du Javi Urresti taldeko beteranoenak. “Zapore onagaz amaitu dugu txapelketa. Parte hartzera deituta egon garen guztiok tira egiteko aukera eduki dugu, eta itxura ona eman dugu. Uste baino maila hobea erakutsi dugu, gainera; denok pozik egoteko moduko emaitzak lortu ditugu”.
Lehia mistoan aritu dira estreinako. 580 kiloko kategorian parte hartu zuten eguenean [irailak 16], eta esperientzia ona izan dela aipatu dute. Taldeko lau gizonezko eta emakumezko batekin eta Goiherri taldeko hiru emakumerekin osatu zuten taldea. “Parte hartu genuen 11 taldetik zazpigarren amaitu genuen. Lehia mistoan aritu garen estreinako aldia izateko, emaitza polita dela uste dut”.
Egun berean lehiatu zen gizonezkoen 560 kiloko kategorian, berriz, talde osoa sartzeko aukera eduki zuten. “Kanpoko talde batetik bi hartu beharko genituela uste genuen, baina azkenean batekin nahikoa izan zen. Taldekideek esfortzu handia egin ostean, pisuan sartzea lortu genuen”. Azken postuetan amaitu zuten lehia, baina emaitza gutxiengoa dela esan dute. “Bi multzotan banatuta jokatu zen txapelketa. Aurrean dabiltzan taldeen aurka neurtu behar izan genituen indarrak gure multzoan. Emaitza onik lortu ez badugu ere, esperientziaz gozateko aukera ederra eduki dugu”.
Barikuan [irailak 17] lehiatu zuten 640 kiloko gizonezkoen kategorian ere maila polita erakutsi zuten. “Aurten hasi diren bik deialdian sartzeko aukera eduki zuten. Ondo tiratu zuten eta oso gustura ikusi genituen”. Ane Urresti taldekide ondarrutarrak, berriz, Gaztedi taldeko emakumeekin tiratu zuen, 540 kiloko kategorian. “Anek Gaztediko taldekidearekin batera parte hartu nahiko lukeen galdetu ziguten barikuan. Taldea osatzeko kide bat behar zuten, eta mesede hori eskatu ziguten”. Taldea domina lortzeko zorian egon zen; laugarren postua lortu zuten.
23 urtez azpikoetan aritu diren hiru kirolariek lortu dituzte emaitzarik azpimarragarrienak. Brontzezko bina domina eskuratu dituzte Xuban Muniozguren markina-xemeindarrak, Unai Goitia aulestiarrak eta Aitzol Etxebarria ondarrutarrak. “Etxebarriak ez zuen tira egin, ordezko modura egon zen”. Lehenengo domina Goiherri taldearekin tira eginda lortu zuten, 600 kiloko kategorian, barikuan lehiatu zuten kluben arteko txapelketan. Bigarren domina euskal selekzioko ordezkari modura lortu zuten, 600 kiloko kategorian. Finalaurrekoa Alemaniaren aurka galdu zuen Euskal Herriko selekzioak, eta domina Errusiar Sokatira Federazioaren aurkako lehia irabazi ondoren etorri zen.
Beste bost taldekidek ere Basque Country izenpean lehiatzeko aukera eduki zuten. Iker Goikoetxea, Santi Ruiz de Galarreta eta Javi Urresti gizonezkoen 680 kiloko kategorian aritu ziren; bosgarren postua eskuratu zuten. “Santi aurten hasi da tiratzen, eta euskal selekzioagaz tiratzea oso pozgarria izan da berarentzat. Txapelketa ona egin, eta gerra polita eman genuen”.
Patxi Ituartek eta Beñat Urkizak, aldiz, gizonezkoen 720ko kategorian tira egin zuten. Multzoan laugarren sailkatu ziren, eta Suitzaren aurka jokatu zuten finalaurrekoa; indarrik handiena erakutsi zuen taldearen aurka. Ezin izan zuten ezer egin, eta podiumera igotzeko lehiarekin konformatu behar izan dira. Baina ezin izan zuten lortu, Herbehereak gehiago izan ziren. “Sailkapen fasean irabazi egin zieten, eta garaipena hortxe-hortxe eduki bazuten ere, ezinezkoa izan zen domina lortzea. Harro egoteko moduko postua lortu zuten”.