Ekintzaz beteta datoz Mutrikuko Historia Jardunaldiak
Eguaztenean [irailak 22] hasi eta urriaren 5era bitartean, lau hitzaldi, erakusketa bat eta ibilaldi bat antolatu dituzte, 36ko gerra eta frankismo garaia ardatz hartuta. Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko erakusketa batekin emango diote hasiera jardunaldiei.
Udalaren ekimenez, eguaztenean [irailak 22] hasi eta urriaren 5era bitartean Historia Jardunaldiak egingo dituzte Mutrikun. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 36ko gerraren bilakaeran eta hurrengo urteetan frankismo garaian bizi izandako errepresioan arreta jarri dute aurten. Euskal Herriaren historiaz eta berton gertatutakoaz jabetu nahi duten guztientzat zuzenduta, lau hitzaldi eskainiko dituzte; denak ere Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dira, 19.00etan hasita. Proposamen horiez gain, erakusketa eta ibilaldi bat ere antolatu dituzte.
Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko Saturraran 1938-1944 erakusketaren inaugurazioarekin emango diote hasiera aurtengo jardunaldiei. Eguaztenean 18.00etan inauguratuko dute erakusketa, eta urriaren 5era arte egongo da ikusgai, Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan. Historialarien arabera, 16 eta 80 urte bitarteko 4.000 emakumetik gora eta haietako zenbaiten seme-alabak egon ziren kartzela hartan preso, oso baldintza gogorretan. “Saturrarango kartzelan egon ostean Mutrikun bizitzen gelditu zirenen testigantzak jaso ditugu. Horiei buruzko kartel batzuk egin ditugu, eta horiek ere ikusgai egongo dira erakusketan”.
Taldea ezagutzera emateko hitzaldia eskainiko du Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldeak
Lekukotasunekin batera jaso dituzten bestelako datu bitxiak ere jaso dituzte; hori erakusten duten dokumentazioa lortu eta batu dute, eta horiek ere “modu erakargarrian” ikusgai egongo direla gaineratu dute. “Topatu edo geureganatu ditugun hainbat dokumentu ezagutzera emango ditugu: garai hartako sindikalista baten paperak, fusilatuen zerrenda bat…. Testigantza bakoitzean jaso ditugun datu eta ezaugarriekin ere prospekzio lanak egin ditugu. Besteak beste, frontea non egon zen edo zeintzuk soldadu egon ziren jaso ditugu. Eta horiekin batera jaso ditugun froga batzuk ere egongo dira ikusgai: bala zorroak, aurkitu ditugun gerrikoen belarriak, obusak…”.
Antolatu duten inaugurazioaren ostean, berriz, hitzaldia eskainiko dute Arantza Ugarte, Agurtzane Urriolabeitia, Nerea Arrizabalaga eta Roberto Soto Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldeko kideek. Hitzaldia taldea bera eta orain arte Mutrikuko memoria historiakoari buruz egin duten lanketa ezagutzera emateko baliatuko dute.
Urriaren 2rako antolatu duten ibilaldian, Mutrikuko landa eremuan 36ko gerrari lotuta dauden lekurik garrantzitsuenak eta esanguratsuenak ezagutzera emango dituzte
Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldeko kideek, gainera, memoria landu eta herritarrak iraganera begira jarriko dituen Gerra Zibila Mutrikun ibilaldia ere antolatu dute urriaren 2rako. 09:00etan jarri dute hitzordua, Santa Katalina komentuaren aurrean. Ibilaldian parte hartzeko asmoa dutenei oinetako eta arropa erosoak eramateko gomendatu dute. “Nahikoa buelta luzea izango da, lau bat ordukoa. Ibilbidea oinez egitea proposatu badugu ere, geldialdiak egingo ditugun azalpen gune horietara autoz etortzeko aukera ere egongo da”.
36ko gerrari lotuta, Mutrikuko landa eremuan dauden lekurik garrantzitsuenak eta esanguratsuenak ezagutzera emango dituzte; testigantzekin osatu duten ibilbidea egingo dute. “Batik bat, frontea non kokatzen zen azaltzeko ibilbidea izango da. Komentu paretik atera eta Irixarrin gora Laranga auzora abiatuko gara. Handik Galbaixo gainera joango gara eta hortik Okelar baserriaren ingurura jaitsi ondoren, herrigunera bueltatuko gara. Frogak aurkitu ditugun tokietan edo lubakiak egon ziren tokietan azalpen gune batzuk ezarri ditugu, eta hantxe geldialdiak egingo ditugu”. Ibilaldia egin ondoren, herrigunera bueltatu eta handik, Saturraranera abiatuko dira. “Gure asmoa oroimenarekin lotutako ekitaldi berezi bat egitea da”.
Beste hiru hitzaldi ere eskainiko dituzte Historia Jardunaldien barruan. Eguenean [irailak 23], esaterako, Zinema frankismo garaian hitzaldia eskainiko du Kepa Sojok. Irailaren 29an, berriz, Frankismoaren errepresioa: heriotza, erbestea eta espetxea (1961era arte) hitzaldia emango du Josu Chuecak. Azkenik, urriaren 5ean, Diktaduraren errepresioa Gipuzkoan (1961etik aurrera) hitzaldia eskainiko du Javier Bucesek.
EGITARAUA
- Irailak 22, eguaztena
- 18:00. Saturraran 1938-1944 erakusketaren inaugurazioa Zabiel kultur etxean. Erakusketa urriaren 5era arte egongo da ikusgai.
- 19:00. Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldearen hitzaldia, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan.
- Irailak 23, eguena
- 19:00. Frankismo garaiko zinea hitzaldia, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Hizlaria: Kepa Sojo. Moderatzailea: Unai Belaustegi.
- Irailak 29, eguaztena
- 19:00. Frankismoaren errepresioa: heriotza, erbestea eta espetxea (1961era arte) hitzaldia, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Hizlaria: Josu Chueca. Moderatzailea: Leyre Arrieta.
- Urriak 2, zapatua
- 09:00. Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldearen eskutik, Gerra Zibila Mutrikun ibilaldia, Santa Katalina komentutik irtenda.
- Urriak 5, martitzena
- 19:00. Diktaduraren errepresioa Gipuzkoan (1961etik aurrera) hitzaldia, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Hizlaria: Javier Buces. Moderatzailea: Unai Belaustegi.