Arrigorri hondartzan bainuak 15 minutura mugatuta egoten jarraitzen du
Hasiera batean zabaldutako informazioan legionella zela aipatzen bazen ere, uretan aurkitutako bakterioa E. Coli dela azpimarratu dute Ondarroako udal iturriek. Gaur [irailak 27] beste lagin bat hartu dute hondartzako uretan.
Bainuak oraingoz 15 minutura mugatuta egoten jarraitzen du Ondarroako Arrigorri hondartzan, aurreko astean uretan E. Coli (Escherichia coli) bakterioaren presentzia baieztatu ostean. Barikuan [irailak 24] egindako analisien emaitzak aztertu ostean, uretan, oraindik ere, “gehiegizko kantitateetan” jarraitzen du E. Coli bakterioak. Hasiera batean zabaldutako informazioan legionella zela aipatzen bazen ere, uretan aurkitutako bakterioa E. Coli dela azpimarratu dute Ondarroako udal iturriek.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak orain arteko gomendioak mantentzeko eskatu du, horrek pertsonen osasunerako arriskuak ekar ditzakeela kontutan hartuta. “Uraren kalitatea neurtzeko egindako azken azterketaren arabera, ez da bainurako nahikoa egokia; une honetan“kontuz” bainatzea eta ostean dutxatzea gomendatzen dute. Esan digutenez, uraren kalitatearen eboluzioa oraindik ez dago bainatzeko uren kalitateari buruzko 1341/2007 Errege Dekretuak ezarritako parametroen barruan”, gaineratu dute udal iturriek.
Gaur [irailak 27] ere beste lagin berri bat hartu dute hondartzako uretan; egoeraren berri bihar [irailak 28] emango dute, eta haren zain egon beharko da uraren kalitatea bainatzeko modukoa den ala ez jakiteko. “Lagin berri horretan 28 balio ezberdin aztertuko dituztela esan digute. Emaitza horiek guztiak gaurkotzen direnean, erabaki bat edo beste bat hartuko dute”.
Egoeraren eboluzioa. Jaurlaritzak aurreko eguaztenean [irailaren 22an] Arrigorri hondartzako uretan egin zuen laginketa batean atzeman zuten E. Coli bakterioa; 500koa da baimendutako gehienezko neurria, baina 10.462koa neurtu zuten. Hala, uraren kalitateari lotutako irizpidea oinarri hartuta, bandera gorria ipini eta hondartzako ura bainurako desegokia zela ebatzi zuten eguenean [irailak 23]. Barikuan [irailak 24], berriz, eta E. Coli bakterioari dagokion kutsadura maila “asko” jaitsi zela kontuan edukitua, 15 minutura mugatu zuten bainua; orduz geroztik hala mantendu da.
Kutsaduraren jatorria. Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko bainu eremuaren kontrol sanitariorako programaren ordezkariek esan dutenez, martitzenean [irailak 21] egindako euri jasek bakterioaren maila altua eragin dute hondartzako uretan.