Arrigorri hondartzako uraren baloreak "normalatasunera" bueltatu direla diote
Azken neurketaren irakurketa egin ostean, bainua librea dela adierazi du Osasun Sailak. "Hondartzako urak araudian ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoak betetzen ditu".
Azken orduetan egindako analisien emaitzak aztertu ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Ondarroako Arrigorri hondartzan bainua librea dela esan du: “Azken analisietan baieztatu da bertako urak araudian ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoak betetzen dituela. Baloreak normaltasunera bueltatu dira”.
Arrigorri hondartzan egin dituzten azken neurketen arabera E. Coli (Escherichia coli) bakterioaren kontzentrazioa mugen azpitik dagoela azpimarratu dute. Hala, azken egunetan ezarritako bainatzeko gomendioen protokoloa amaitutzat eman dute.
Gertatutakoa. Irailaren 22an bainatzeko eremuko ura aztertu zuten, beti egiten duten modura. Analisi horren emaitzak, baina, ez ziren ondo atera. Hasiera batean esan zuten Legionella bakterioa atzeman zutela. Gerora, baina, Legionella barik E. Coli bakterioa zela esan zuten. Bakterio horren baimendutako gehienezko neurria 500ekoa da, baina Arrigorrin 10.462ko balorea neurtu zuten. Hala, uraren kalitateari lotutako irizpidea oinarri hartuta, bandera gorria ipini eta hondartzako ura bainurako desegokia zela ebatzi zuten eguenean [irailak 23].
Barikuan [irailak 24], ostera, eta E. Coli bakterioari dagokion kutsadura maila “asko” jaitsi zela kontuan edukita, bainua 15 minutura mugatu zuten. Eta gaur [irailak 28] goizean bainua librea dela esan arte protokolo hori egon da indarrean.
Jaurlaritzaren Bizkaiko bainu eremuaren kontrol sanitariorako programaren ordezkariek esan dutenez, martitzenean [irailak 21] egindako “euri jasek eragin zuten bakterioaren maila altua”.