Ondarroako kontsumo bulegoak pandemia aurreko jarduna berreskuratuko du
Aurrez aurreko arreta eskainiko dute aurrerantzean. Eguenero, 10:00etatik 14:00etara, Alamedako bulegoetan emango dute zerbitzua.
Osasun neurriak ahalbidetuta, pandemia aurreko funtzionamendu bera berreskuratuko du Ondarroako kontsumo bulegoak. COVID-19aren aurrean hartutako segurtasun neurriak direla-eta, ohiko zerbitzua telefono bidez ematen aritu dira azken hilabeteotan, baina eguenetik [irailak 30] aurrera aurrez aurreko arreta Alamedako bulegoetan (Kantoipe kalea 3) eskainiko dutela jakitera eman dute Ondarroako udal iturriek.
Honakoa da jendaurreko ordutegia: eguenero, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, kontsumo arloko arazoren baten aurrean zelan jokatu jakiteko aholkularitza zerbitzua edo kexak bideratzeko zerbitzua eskainiko diete herritarrei. Zehaztu dutenez, bertaratu nahi dutenek ez dute zertan aldez aurretik hitzordurik eskatu beharrik edukiko. “Jendea ailegatu ahala erantzuten joango dira”. Bertaratu ezin dutenentzat 94-683 04 98 telefono zenbakia ere ipini dute erabilgarri.