Ondarroako Plaiko Zubia, zabalik
Bizkaiko Foru Aldundiak ia 1,3 milioi euro inbertitu ditu azpiegitura lehengoratzen. Beste 45.000 euro erabiliko ditu urtero berau egoera onean mantentzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu Ondarroako Plaiko Zubia erabat birgaitzeko lanak, eta zabalik dago. “Bi urteko lanak egin ondoren amaitu dugu zubi birakariaren birgaitzea. Ondarroako ikur bat eta Bizkaiko ondarearen elementu nabarmenetako bat lehengoratu dugu. Oso pozik gaude lan sakon honen emaitzarekin. Uneoro obraren berezitasuna errespetatuz burututako artisau lana izan da”, azaldu du Gorka Estebez Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak.
Zubiari funtzionaltasuna lehengoratzeko 1.296.530 euro inbertitu ditu aldundiak. Lan horiek zubiaren elementu guztietan (bi egitura mugikorretan, horiek biratzeko bi mekanismoetan eta bi zutabeetan) eragina eduki dute. Oinezkoen segurtasuna indartze aldera, zubiko zurezko behegaina finkatu eta berritu egin dute tratamendu ez-labaingarri batekin, eta barandetan ere aurretik ez zegoen sare antieskalagarri bat ipini dute. Jarduketa osatzeko, zubiak itsasadarraren bi ertzetan dituen ainguratze tokiak urbanizatu dituzte.
Azpiegitura baldintza onetan mantentzeko, gainera, aldizkako ikuskapenak eta mantentze lanak egiteko egutegia ezarri du aldundiak; zubia kontserbatzeko asmoagaz, urtero 45.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute. Zubia, besteak beste, aldian-aldian irekiko dute. Aurreikuspenen arabera, hamabost egunean behin zabaldu eta itxiko dute, eragingailu eta errodadura sistemak ikuskatzeko eta koipeztatzeko. “Horiek osatzen dituzten piezak dira higadura eta giro gaziaren korrosioa pairatzeko arrisku handiena dutenak”.
Zubiaren egituraren berrikuspen orokorra ere egingo dute urtero, eta hiru urtetik behin, zutabeak ere ikuskatuko dituzte; urpekariek zutabeen egiaztapen topografikoa egingo dutela eta ainguratze tokiak berrikusi dituztela esan dute. Metalezko egitura korrosiotik babesten duen pinturari dagokionez, barandak bost urtean behin eta egitura osoa hamabost urtetik behin berriz margotzea aurreikusi dute.