Eskualdeko jubilatu elkarteetako kideek topaketa egingo dute Gizaburuagan
Hamalau herritako ordezkariak batuko dira zapatuan [urriak 2] Gizaburuagan. Askotariko gaiei eta arazoei buruz berba egiteko tartea edukiko dute frontoian egingo duten ekimenean.
Herriarteko topaketa zapatuan [urriak 2] egingo dute; 11:00etan Gizaburuagako frontoian batzeko hitzordua ipini dute. Antolatzaileek iragarri dutenez, Lea-Artibaiko elkarte guztietatik etorritako dozenaka lagun batuko dira ekimenean. Eako eta Ereñoko jubilatu elkarteetako kideek ere topaketagaz bat egingo dutela gaineratu dute. “Ea eta Ereñoko jubilatuen elkarteko kideak betidanik batzen dira gurekin, eta zapatuan ere gurekin batera egongo dira. Guztira, hamalau herritatik etorritako ordezkariak batuko gara”.
Azaldu dutenez, ekimen “interesgarria” antolatu dute. “Egun ederra izango da. Bizkaiko Nagusiak Elkartea sortu zela 50 urte beteko dira aurten, eta ospakizun nagusia Bilbon Euskaldunan egingo dute urriaren 19an. Ospakizun hori aitzakia hartuta, zer edo zer antolatzea erabaki da eskualdeka, eta zapatuan urteurren berezi hori ere gogoratuko dugu. Sasoi horretarako Lea-Artibai mailan hasita zeuden elkarteak antolatzen, eta hori ere gogora ekarriko dugu”.
Eskualdeko elkarteen ibilbideak ere errepasatuko dituzte, eta elkarte ezberdinek gaur egun esku artean darabilten proiektuak ere ezagutzera emango dituzte. “Lantzean-lantzean denok elkartu eta zenbait ekintza ere egiten ditugu batera. Eskualde mailako herri gehienak Herri Lagunkoia egitasmoan ere sartuta daude, eta horri buruzko azalpenak ere emango ditugu topaketan”.
Askotariko gaiei buruz berba egiteko tartea ere edukiko dute. Besteak beste, momentu honetan eskualdean dauden arazoak eta gorabeherak ere aztertuko dituzte. “Denen ekarpenak eta iritziak lagungarriak eta ongietorriak izango dira”. Adinekoen egoitzetan egiten dituzten boluntario lanak eta elikagai bankuarekin lankidetzan egiten dituzten ekimenak ere errepasatuko dituzte. “Nagusilaneko ordezkariak etorri dira boluntario modura egiten diren ekintza horiei buruzko azalpenak ematera”.