Mutrikuko Jabekuntza Eskola diseinatzeko hirugarren saioa, astelehenean
Zabiel kultur etxeko ganbaran egingo dute saioa, 18:00etatik 19:30era.
Azken hilabeteotan Emakumeentzako Jabekuntza Eskola baten sortze kolektiboa lantzen dihardute Mutrikun. Jabekuntza Eskola amesten izeneko bi saio egin dituzte orain arte, eta astelehenerako [urriak 4] hirugarren saio bat antolatu dute. Zabiel kultur etxeko ganbaran egingo dute saioa, 18:00etatik 19:30era.
Zehaztu dutenez, astelehenekoa gaia lantzeko azken asanblada irekia izango da. “Haztera goaz! jardunaldiekin abiatu genuen ibilbidean, Mutrikuko emakumeentzako Jabekuntza Eskola diseinatzeko prozesu parte hartzailearen azken urratsa emango dugu. Herriko emakumeen topalekua eta feminismoaren aterpea izango den proiektua diseinatzen hasi ginen maiatzean, asanblada irekien bitartez. Eskolaren helburuak, izaera eta edukiak lantzen aritu gara eta oraingoan, hauek guztiak aurrera eramateko behar dugun antolaketaz hausnartu eta funtzionamendua erabakiko dugu, besteak beste. Horrekin batera, proiektuaren izena erabakitzeko tartea ere hartuko dugu. Proposamenak ekartzera animatzen zaituztegu”.