72 mendizale batu dira Mutrikuko 35. Mendizale Helduen Ibilaldian
Martxan parte hartu duten mendizaleek 16 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute Mutriku inguratzen duten auzoetatik zehar. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.

Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean antolatuta eta Mutrikuko Udalak lagunduta, 35. Mendizale helduen ibilaldia egin zuten domekan [urriak 31] Mutrikun. Antolatzaileek eman duten datuen arabera, 72 lagunek egin zuten mendi ibilaldia. “62 lagun egon ziren aurretik izena emanda eta bertan egunean beste hamar bat lagunek izena eman zuten. Gehienak inguruko herrietakoak izan ziren, Mutrikukoak eta Ondarroakoak, batez ere. Baina urrutiagotik ere etorri ziren batzuk, Arrasatetik edo Tolosatik, esate baterako”.
Parte hartzaileek 08:00etan ekin zieten martxari Goiko Plazatik; era mailakatuan irten zuten 8-10 laguneko taldetan banatuta. Guztira, 16 kilometro inguruko ibilbidea osatu zuten Mutriku inguratzen duten auzoetatik zehar. Tartean, ohi modura, atsedenaldia hartu eta hamaiketako ederra ere jan zuten Galbaixoko ermitaren aterpean. Mendizaleak aurten ere oso gustura geratu direla esan dute antolatzaileek. “Jendeari asko gustatu zaio aurten aukeratu dugun ibilbidea. Arno bueltan ibili gara aurten, baina betiko bidetik altzatu beharrean atzeko aldetik igo ginen, Lekondetik”.

Mutrikuko mendizale helduen ibilaldian parte hartu zuten mendizale batzuk mendian gora. Argazkia: Burumendi.
13:00etarako ailegatu ziren mendizaleak Alkolea parera, eta Burumendikoek azaldu dutenez, ez zen aparteko gertaerarik egon. “Espero baino hobeto joan da dena. Gu oso pozik gaude eta balorazio oso positiboa egiten dugu. Nahiz eta haize zakarra egon, aterri mantendu zen goiza; ibilaldia amaitu ondoren hasi zuen euria. Bidea ere nahikoa ondo egon zen. Tarte batean edo bestean basa pixka bat egon zen, baina ez zen egon bestelako arazorik”.