Oihana Kortazarrek Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia irabazi du
Mutrikun bizi den korrikalariak, gainera, lasterketaren errekorra hautsi du; 2015tik gainditu gabe egon den marka minutu 1 eta 8 segundotan hobetu du.

Domekan [urriak 31] Ataunen lehiatu zen 40. Hiru Auzoetako Korrikaldia irabazi du Oihana Kortazar Aranzetak. Mutrikun bizi den elgetarrak 1 ordu, 4 minutu eta 52 segundotan osatu zuen 17,3 kilometroko ibilbidea. Txapela janzteaz gain, Maite Maiorak 2015an ezarritako errekorra hautsi du; azken urteotan gainditu gabe egon den marka minutu 1 eta 8 segunotan hobetu du. “Lehen ezarrita zegoen erregistroa hausteko nahiarekin joan nintzen, nahiz eta berau lortzea nahikoa zaila izan”.
Kortazarrek sasoiko dagoela erakutsi zuen Ataunen. Bigarren eta hirugarren sailkatuei alde handiarekin irabazi zien. 1 ordu, 6 minutu eta 13 segundoko denbora eginda, bigarren tokian sailkatu zen Maite Arraiza, 2019ko eta 2018ko irabazlea. Podiuma Maialen Muñozek osatu zuen, ordubete, 8 minutu eta 25 segundoko marka eginda.
“Lasterketa irabaztea norbere buruan sinisteko eta asfaltoko sentsazio on horiek berreskuratzeko ere ondo etorri zitzaidan”
Kortazar hasieratik ipini zen lasterketa buruan. “Oso gogor hasi nintzen. Lehenengo lau kilometroak lasterketa irabazi zuen gizonezkoaren ondoan ibili nintzen, baina behin aldapa hasi zenean erritmoa aldatu eta ihes eginda zebilen talde horrengandik urrundu egin nintzen. Lasaiago hartu nuen eta mendian egiten dudan modura, pauso motzean baina tipi-tapa oso azkar joan nintzen gora eta behera”.
Azaroaren 20an Europako Txapelketan parte hartuko du, eta asteburukoa parte hartu ahal izan duen azken lasterketa izan da. “Asteburu honen ostean, eta Europako Txapelketa jokatu bitartean, ezingo dut beste inongo lehiaren batean parte hartu; Espainiako selekzioak jarritako baldintzetako bat da hori. Hori dela eta, asfaltoko entrenamendu motza baina indartsua egin nahi izan dut, nire gorputza aktibo eta puntu-puntuan mantentzeko nahiarekin. Lasterketa irabaztea norbere buruan sinisteko eta asfaltoko sentsazio on horiek berreskuratzeko ere ondo etorri zitzaidan”.
Gizonezkoetan, berriz, Asier Estarriaga izan zen azkarrena, 1 ordu eta 47 segundo behar izan zuen proba amaitzeko. Haren atzetik helmugaratu ziren, hurrenez hurren, Angel Vazquez (1.01.47) eta Iker Manso (1.01.52). Antolatzaileek emandako datuen arabera, 102 korrikalarik parte hartu duten lasterketan eta 99k lortu dute helmugara ailegatzea.