Ugaitz Mugertza ez da Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako sailkatu
Zazpigarren sailkatu da aizkolari mutrikuarra. Minutu erdiagatik azken txanpa jokatzeko aukerarik gabe geratu da.

Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiko sailkapen proba jokatu zuten zapatu [urriak 30] arratsaldean Zestoako kiroldegian. Gizonezkoetan Lehen Mailako hamahiru aizkolari aritu ziren finalerako txartela lortzeko lehian. Proban gogor saiatu bazen ere Ugaitz Mugertza mutrikuarrak zazpigarren amaitu zuen; jokoan zegoen seigarren eta azken txartela lortzeko gertu ibili zen, baina 30 segundogatik azaroaren 21ean Bilbon jokatuko den final handia jokatzeko aukera guztiak galdu zituen.
Lehen mailako gizonezkoen lanei dagokienez, parte hartzaileek sei enbor moztu behar izan zituzten: bina kanaerdiko, 60 ontzako bina enbor eta bina oinbiko. Mutrikuarrak 20 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Ez zuen zorte handirik eduki. “Sentsazio nahikoa onak eduki nituen, baina hirugarren enborrean zailtasunak eduki nituen. Aizkora kateatu zitzaidan eta hor 20-30 bat segundo galduko nituen. Gerokoan denbora hori guztia berreskuratu ezinik ibili nintzen”.
Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi eta Jon Irazu sailkatu dira finalerako
Adierazi duenez, lehenengo bosten artean sailkatzea ezinezkoa ikusten zuen, baina seigarren txartela lortzeko aukerekin ikusten zuen bere burua. Txartela ez lortu izanagatik “pena” duela aitortu du. “Segundo gutxi batzugatik finalean ez sartzeak pena ematen dit, baina hala izan beharko da aurtengoagatik. Aizkora kateatu balitzait kateatu, finalean sartzeko aukera eskura eduki nezakeela uste dut. Azkenean tarte handirik ateratzeko aukerarik ez dago hor, eta gauzak perfektu ez badira egiten aukera denak galtzen dira”.
Gizonezkoetan honako sei aizkolariak sailkatu dira finalerako: Mikel Larrañaga (16.44), Eneko Otaño (17.57), Iker Vicente (18.11), Aitzol Atutxa (19.16), Julen Alberdi Txikia IV.a (19.25) eta Jon Irazu (20.03). Mutrikuarrarekin batera honakoak geratu dira finaletik kanpo: Julen Larrea (21.06), Iñaki Azurmendi (21.10), Jexux Mugika (22.05), Arkaitz Jauregi (23.50), Jon Rekondo (24.16) eta Eloy Corchero. Lanak azken postuan amaituta, Corcherok promozio mailan jokatuko du datorren denboraldian.
Lehen Mailako gizonezkoen norgehiagokaz gain, emakumezkoena ere lehiatu zen. Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi aritu ziren aurrez aurreko Zestoan. Zelai III.ak eta Ansorregik jokatuko dute finala, Maika Arostegirekin batera.