Mutrikuar baten argazkia, Gogora Institutuko ekitaldi bateko irudi
Endika Lekubek duela hiru urte ateratako argazki bat ETAk bere jardun armatua amaitutzat jo zuen hamargarren urteurrenaren harira egindako ekitaldi baten irudi bihurtu da.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak egindako ekitaldi bateko kartelean Endika Lekube sortzaile mutrikuarraren argazki bat erabili dute. Zehazki, ETAk bere jardun armatua amaitutzat jo zuen hamargarren urteurrenaren harira egindako Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz izeneko ekitaldiaren irudi ofiziala bihurtu zen mutrikurrak ateratako argazkia.
Aukera “ezustean” sortu zitzaiola dio. “Mutrikuko lagun batek bertan lan egiten du. Egun eta ekitaldi hori irudikatzeko argazki baten bila ari zirela, nire lagun horri nire Facebookeko argazkietan kuxkuxeatzea bururatu zitzaion, eta ekitaldia irudikatzeko erabili duten argazki horrekin topo egin zuen. Gobernuko eta Gogorako arduradunei argazki hori erabiltzea proposatu zien, eta ideia hori egin nahi zuten ekitaldiarekin bat zetorrenez, onartu egin zuten. Onarpena jaso ostean, deitu egin zidan eta argazkia erabiltzeko baimena eskatu zidan; halako eskaerak ilusioa egin zidan eta baiezkoa eman nion”.
Lekubek ikus-entzunezkoen alorrean lan egiten du, baina argazkigintza bere “pasioetako” bat da. Han-hemenka ateratzen dituen argazkiak bere sare sozialetan zintzilikatzeko joera du, eta, zehaztu duenez, duela hiru urte Cadaquesen (Herrialde Katalanak) ateratako zuri-beltzeko argazki bat da urriaren 20an Bilboko Artxibo Historikoan egin zen ekitaldirako aukeratu zutena. “Cadaqueseko paseoan dago marko itxurako eskultura hori. Tokia bitxia iruditu zitzaidan, atzean herria duela. Ume bat hortxe ipini zen hain justu, eta ni atzean nengoela baliatuta, argazki bat ateratzeko une polita iruditu zitzaidan”.
Gaineratu duenez, “polita” iruditu zaio sare sozialetan argitaratutako argazkiari “bigarren bizitza” bat ematea. “Sare sozialetan argitaratzen dituzun argazkiak ematen du bertan geratzen direla behin betiko. Baina polita iruditu zait argazkiak hiru urte geroago bestelako erabilera bat izatea eta beste bizitza bat hartzea. Halako tamainako kartel handi batean nire argazkia ikusteak, gainera, ilusioa egin zidan”.