Mutrikuko Gaztetxea, '20 urte auskan'
Hilabete osoko ekintzekin ospatuko dute Gaztetxearen 20. urteurrena. Ekintza nagusia hilaren 20rako iragarri dute: Gaztetxe Eguna.
Ospakizun bete-betean sartuta daude Mutrikuko Gazte Asanbladako kideak. 20 urte igaro dira Matadeixa zena egokitu eta Gaztetxea martxan ipini zutenetik, eta harrez geroztik, asko izan dira bertatik igaro diren gazteak, asanbladetan bere alea jarri dutenak edo antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu direnak. Urtemuga hori aitzakia hartuta, ekintzaz jositako hilabete osoko egitaraua prestatu dute.
Barikuan [azaroak 5] hasi eta hilaren 28ra bitartean, kontzertuak, bertso afaria, mahai ingurua eta bestelako ekintzak egingo dituzte Gaztetxean bertan. Osagarri horiekin, modu batera edo bestera Gaztetxearen ibilbidean egon direnekin eta bizirik mantendu dutenekin ospatu nahi dute urtemuga. “Urteurrenaren helburuetako bat da Gaztetxeak 20 urte bete dituela-eta ospakizun handi bat egitea. Baina, aldi berean, azken 20 urteetan asanbladetan eta bestelako ekintzetan egon den jendeari eskerrak emateko eta herriko beste gazte batzuk bertara erakartzeko ere baliatu nahi dugu ospakizuna”.
Lehen ekintza barikurako antolatu duten 20 urte auskan izeneko mahai ingurua da. Jende eta bizipen askoren bilgune izan den txokoan elkartu eta orain arte egindako ibilbidea gogoratuko dute. “Asanblada ezberdinetako kideak batuko gara mahai inguruan. Aurreko asanbladen ibilbidea errepasatu eta gaur egun egiten duguna partekatuko dugu. Gaztetxearen historia ulertzeko ekintza berezia izango da”.
Herri bazkaria izango da Gaztetxe Eguneko ekintzarik jendetsuena. Txartelak aurrez eskuratzea ezinbestekoa dela adierazi dute
Hurrengo asteburura begira, berriz, Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin bertso afaria eta Jon Basagurenen kontzertu akustikoa prestatu dituzte. Bertso afarirako aforo mugatuta egongo da eta, beraz, txartelak aldez aurretik erosi beharko dira 603 58 70 77 telefono zenbakira edo Gaztetxeko sare sozialetara idatzita. Barikua [azaroak 5] da izena emateko azkenengo eguna. “Sarrera 7 euro izango da, eta egunean bertan ordaindu behar da”.
Hilero antolatzen dituzten ekintzetan ohikoa den modura, 20. urteurreneko egitarauan ere asanblada irekia egitea erabaki dute. Azaroaren 19rako ipini dute hitzordua. “Asanblada irekiak askotan egiten baditugu ere, honakoa bereziagoa izango da. Egungo asanbladaren aurkezpena egiteko asmoa daukagu. Azkenean, ekintza hori dago bideratuta herriko beste gazte batzuk etortzeko eta Gaztetxean antolatzen hasteko”. Asanblada irekia amaitu ostean, urteurrena gogoratzeko horma irudi bat margotuko dute.
Egitarauko ekintzarik potoloenak hilaren 20rako iragarri dituzte. Gaztetxea herriaren parte dela aldarrikatzeko Gaztetxe Eguna ospatuko dute. Jaia eguerdian hasi eta goizaldera arte luzatzeko asmoa dute. Herri bazkaria izango da eguneko ekintzarik jendetsuena. Bertan parte hartzeko txartelak aurrez eskuratzea ezinbestekoa dela adierazi dute. Azaroaren 12an 18:00etatik 20:00etara Gaztetxean eta azaroaren 14an 12:30etik 14:30era Beheko Plazan ipiniko dituzten mahaietan eskuratu ahal izango dira txartelak, 10 euroren truke. Bi egun horietan, gainera, urteurrenera begira atera dituzten jertseak eta kamisetak ere ipiniko dituzte salgai.
Dena euren kontura antolatu badute ere, herritarrek eskainitako “aparteko” laguntza eskertu nahi izan dute. “Asanbladako jendea ez gara denetara ailegatzen, eta jendea barran antolatu ditugun txandak egiteko prest azaldu da”. Saia Goait talde mutrikuarrak egin du 20 urte auskan urteurren kantu berezia, eta haien laguntza ere eskertu nahi izan dute.
EGITARAUA
- Azaroak 5, barikua
- 19:00. 20 urte auskan mahai ingurua, Gaztetxean.
- Azaroak 6, zapatua
- 22:00. J Martina taldearen kontzertua, Gaztetxean.
- Azaroak 12, barikua
- 21:00. Bertso afaria, Gaztetxean. Bertsolariak: Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi.
- Azaroak 14, domeka
- 18:00. Jon Basagurenen kontzertua, Gaztetxean.
- Azaroak 19, barikua
- 18:00. Asanblada irekia, Gaztetxean.
- Ondoren. Horma irudiaren margoketa.
- Azaroak 20, zapatua. Gaztetxe eguna
- 12:30. Txupina, Gaztetxearen aurretik.
- 13:00. Poteo musikatua.
- 14:30. Herri bazkaria, Merkatu Plazan.
- Ondoren. Auzi taldearen kontzertua, Merkatu Plazan.
- 18:30. Txaranga Gaztetxera ala mutrikuarra.
- 20:00etatik aurrera. Gaztetxea irekita.
- 22:00. DJ Bakallaua saltxan.
- Azaroak 26, barikua
- 19:00. Ameli eta Xirrikituen jostunek ipuin kontalaria, Gaztetxean. Isiltzen joan zirenak ipuina kontatuko dute.
- Azaroak 27, zapatua
- 22:00. Lau Mono eta Hondar taldeen kontzertua, Gaztetxean.
- Azaroak 28, domeka
- 17:00. La Haine filmaren proiekzioa, Gaztetxean.