Jone Badiola Iriondo: "Beroak zein hotzak eragina daukate gure oinetan"
Jone Badiola Iriondo ondarrutarra podologoa da. Oinak ondo zaintzea eta prebentzioak gai horretan daukan garrantziaz hitz egin du.
Zer kasutan gomendatzen da podologoarengana joatea?
Kasu asko daude, hasi umetatik eta nagusiak arte. Azkenean gomendatzen dena da urtero behintzat zainketa bat egitea, lesioak eta bestelako arazoak saihesteko. Beste edozein kasutan modura, prebentzioa garrantzitsua da oinetan ere. Okulista edo dentistarengana urtero joaten garen moduan, oinak ere osasuntsu egoteko urtero podologoarengana bisita bat egitea komeni izaten da. Gure oinak arakatzen ditugunean ez dugu pentsatu ere egiten zer edo zer txarto eduki genezakeenik, eta, batez ere, arazo horiek prebenitzeko podologoarengana joatea aholkatzen da. Bestelakoan, oinetako minak berak ekartzen du jendea podologoarengana.
Oinak ondo arakatzen ditu jendeak?
Denetariko jendea dago, baina, oro har, jendea ikasten ari da eta gero eta garrantzi handiagoa ematen die bere oinei. Lanean hasi nintzenetik hona, nik behintzat, aldaketa hori igarri dut. Jendea lehen azkenengo momentuan etortzen zen; mina ezin zutenean jasan tratamentu bila etortzen ziren. Orain, ostera, gero eta ohitura handiagoa dago umetatik hona etortzeko. Batez ere, oinkada ona duten ala ez ikustera etortzen dira. Kirolariak ere gero eta gehiago etortzen dira. Kirolean, egia esan, oinak sekulako garrantzia dauka, eta horri gero eta garrantzi gehiago ematen hasi dira. Oinak gorputz guztian dauka eragina, eta oinak ez baditugu ondo zaintzen eta ez baditugu ondo botatzen, gorputzean horrek eragina edukiko du, eta, azkenean, beste patologia batzuk ere okertzen joan daitezke; giharretan kontrakturak eragin eta artikulazioetan ere presio gehiago sortu daiteke, besteak beste.
“Diabetesa daukatenen kasuan oso garrantzitsua da oinak ondo zaintzea”
Eta jendeak merezi dien garrantzia ematen die?
Esango nuke oraindik ere bere tokia hartu behar duela oinak. Ikusten ez dugun gauza bat denez eta bistara ez dagoen gauza bat denez, hartzeko dago bere tokia. Bidean doa, baina badaukagu zer ikasi oraindik.
Diabetikoen kasuan oinak ondo zaintzea are garrantzitsuagoa da, ezta? Zergatik?
Diabetesa daukatenen kasuan oso garrantzitsua da oinak ondo zaintzea. Derrigorrean joan behar dira podologoarengana. Kopuru handi bati anputazioak egin behar izaten dizkiote, ez delako behar bezalako zainketa egiten. Diabetesak, esaterako, mikrozirkulazio arazoak eragiten ditu denboragaz. Garrantzitsua izaten da jarraipen zehatz bat egiteko, izan ere, diabetikoek ez dute hanka azpia behar den modura sentitzen. Toki batean gainkarga bat dagoenean, esate baterako, eurek ez dute hori sumatzen eta, ondorioz, ultzerak sortu daitezke. Mikrozirkulazio eta arazo neurologikoak okertzen joaten diren heinean, gainera, zauri bat osatzeko gaitasuna ez da bera. Behatz oskolak mozteko orduan ere, kontu berezia eduki behar dute, infekzioak askotan sortzen direlako.
Zeintzuk dira oinekin egiten ditugun akatsik ohikoenak?
Akatsik ohikoenetariko bat atzazkalak txarto eta gehiegi moztea izaten da. Dutxatik irtendakoan oinak ez sikatzeak ere arazo asko sortzen ditu; oina hezea egoteak onddoen agerpena errazten du. Oinetakoak ere txikiegi baditugu ere arazoak sortzen dira. Kirolariei asko gertatzen zaien arazoa izaten da. Beharbada, kalerako moduko neurridun zapatilak erosten dira, baina kirola egiteko neurri aldetik zer edo zer handiagoa erosi behar izaten da; bestelakoan, atzazkaletan mikrotraumatismoak sortzen joaten dira, eta, hortik, atzazkalak hondatzen, loditzen eta gaixotzen hasten dira.
“Txankletak egunerokotasunean erabiltzea deskalabru bat da”
Zelako oinetakoak erabiltzea gomendatzen duzu?
Egin behar dugun jardueraren araberako oinetakoa erabiltzea gomendatzen dut. Oinetako bakoitza betebehar baterako prestatuta dago. Egunerokotasunean oinetakorik onenak dira lotzekoak, zabalak eta pare bat zentimetroko takoia dutenak. Ez dira bigunegiak izan behar. Batez ere, norbere pisuaren, jardueraren, oinkadaren eta egituraren arabera aukeratzea gomendatzen da.
Txankletak janztea noiz gomendatzen duzu?
Txankletak bere funtzioa dauka: uretan bueltan bazabiltza eta sikatzera bidean zoazela momentu zehatz batean janzteko oinetakoak dira. Hori bai, txankletak egunerokotasunean erabiltzea deskalabru bat da; ez dira egun osoan erabiltzeko moduko oinetakoak. Txankletak erabiltzeak behatzei oraindik ere gehiago ibiltzea eragiten die eta, besteak beste, arkua ere ez duenez ondo eusten, fastitisak ere askoz errazago sortzen dira.
Takoiak erabiltzea gomendagarria da?
Sasoi batetik hona takoi handiak ez dira hainbeste erabiltzen. Moda aldatu egin da, eta orain zapatila erabiltzen da asko; hori igarri egin dugu kontsultan. Takoi handiak ibiltzen ziren garaian, askoz arazo gehiago izaten zituen jendeak. Oina ez doa bere ohiko era fisiologikoan, beste era batera oinarritzen da, eta horrek arazoak sortzen ditu: gainkargak, kailuak, juanikoteak…
Zer iritzi daukazu herentziaz jasotako edo bigarren eskuan erositako oinetakoei buruz?
Bai umeetan eta baita helduetan ere txarra da inork luzaroan erabilitako oinetakoekin ibiltzea; oinetakoak nork bereak erabiltzea gomendatzen da beti. Pertsonak duen oinkeragaz oinetakoak okertzen eta mugimenduagaz alde batera edo bestera higatzen joaten dira. Oinetako horrek beste bati ematen badizkiogu, aurreko jabearen mugimenduekin okertuta dagoen tokira joango zaizkigu oinak. Eta, beraz, gure oinentzako egokia ez den mugimendu bat sortzera behartzen gaituzte oinetako horiek.
“Nik ez nituzke margotuko atzazkalak udatik aparte”
Zelako galtzetinak eta galtzerdiak erabili behar dira?
Galtzetin egokiak erabiltzea ere oso garrantzitsua da. Galtzetinak oina babesten du eta sortzen den hezetasuna xurgatzeko ere mesede egiten du. Emakumeen artean, batez ere, galtzerdi finak ibiltzeko ohitura dago, baina horiek ez dutenez izerdia ondo xurgatzen, hobe asko ez erabiltzea. Galtzerdi fin horiek erabiltzen duten askok oinak izerdituagoak dituztela sumatu izan dut kontsultan. Kotoizko galtzetinak ibiltzea da gomendagarriena. Kirola egiteko orduan, gainera, kirol horietarako galtzerdi bereziak daude, eta horiek ere erabiltzea garrantzitsua da. Galtzetin horiek daude prestatuta kirol horretan sortu daitezkeen igurzketak gutxitzeko eta izerdia kanporatzeko; oina lehorragoa mantentzen laguntzen dute halako galtzetinek.
Oinutsik ibiltzea ona al da?
Oinutsik ibiltzea ona da, beti ere pertsona horrek ez badu inolarik arazorik oinetan. Are gehiago, mesedegarria da oin azpiko muskulatura indartzeko. Bestelakoan, bere egituragatik oinkera eskasa daukatenei, kalte egingo die oinutsik ibiltzeak.
Atzazkalak margotzeko moda ere oso zabalduta dago. Gomendagarria da?
Nik ez nituzke margotuko atzazkalak udatik aparte, eta udan ere momentu zehatz batean margotuko nituzke. Atzazkalak margotuta daudenean azpian dauden arazoez ez gara konturatzen. Onena da berriz margotu aurretik lehenagotik dagoen margoa ondo kentzea eta atzazkaletan lesioren bat edo onddoak-edo ezer badagoen ikustea.
Urtaroek zelan eragiten die gure oinei?
Beroak zein hotzak eragina daukate gure oinetan. Hotza dagoenean, adibidez, zirkulazio ona ez duten pertsonei ospelak irteten zaizkie. Azkura handia ematen dute eta oso mingarriak dira, gainera. Udazkenerako honako gomendioa ematen dut: egun oso beroak eta hotzak tartekatzen dira, eta egun horietarako egokia den oinetako bat janztea.