696. urteurreneko ospakizunetan murgildu da Lekeitio
Jose Mari Arriola idazleak 'Izurdiak: Las gomas' liburua aurkeztu du kultur etxean; gomen harrapaketak Lekeitioko ekonomian izan zuen garrantzia azaldu du. Ia bi urte atera barik egon eta gero, Doña Tomasa, Don Terentzio, Antero eta Juana Parla erraldoiak eta buruhandiak kalejiran atera dira, txikien gozamenerako.
Juan Manuel Gonzalez Cembellinek atzo [azaroak 5] Campillori buruzko hitzaldia eman eta gero, Jose Mari Arriola idazlearen txanda izan da gaur [azaroak 6]. Kultur Etxean ‘Izurdiak: Las gomas’ liburuari buruzko azalpenak eman ditu, artxiboko datu zehatz eta bizipenez betetako pasadizo artean.
1943ko martxoaren 5ean izandako gertaeren inguruko entsegu historikoa da ‘Izurdiak: Las gomas’; artxiboetan oinarritutako azterketa historikoa. Urte bereko otsailean, kautxoaren bataila handian, itsasontzi ingelesek guztiz inguratuta zeukaten Alemaniak mendean hartuta zuen Frantzia, eta japoniarrek bidalitako konboiak hondoratu zituzten, barruan zituzten goma birjina fardel guztiekin. Lekeitioko Mendieta-Okamika enpresako arrasteko lau ontzik (Peñas Arriba-Sotileza eta General Franco-General Varela) goma pila hartu zituzten itsasotik. Dena dela, Arriolak uste du itsasoan zegoen gomaren %1 edo %2 baino ez zutela harrapatu.
Goma fardelen harrapaketak oparotasun sasoia ekarri zuen Lekeitiora; aurretik, pobrezia handia zegoen udalerrian
15 pezeta kiloko. 797.368 kilo goma birjina harrapatu zituzten, eta merkantzia espediente handi batean izapidetu zuten. Goma kilo birjina 15 pezetatan erosi zen, nahiz eta berez 45 pezeta balio. Dena dela, estraperloan saldu zuenik ere egon zen; 100 pezetatan saldu zituzten kilo batzuk. Lekeition, Elantxoben eta Ondarroan lortutako gomekin, Uribarren Abaroa moduko 50 jauregi erosi zitezkeen garai hartan. “Oparotasun sasoia hasi zen, lau ontziola funtzionatzen eta kontserbera industriak garrantzia hartu zuen”, azaldu du Arriolak. Izan ere, pobrezia handia zegoen 1943. urtean Lekeition, giro oso goibela, tristea. Gomen harrapaketak egoera iraultzeko balio izan zuen”.
Lekeitiar guztiei eskaini nahi izan die liburua Arriolak eta, bereziki, marinelei eta merkatariei. Liburua egiteko datuekin laguntzeagatik, Julian Akarregi Zurdo ere gogoratu du aurkezpenean. Eta euskarak izan zuen egitekoa ere nabarmendu du. “Goma gehien jaso zutenak inguruko portuetakoak izan ziren, euskara erabili zutelako horri buruz hitz egiteko”.
Ia bi urte ostean. Aurkezpena amaitu denean atera dira kalejiran Doña Tomasa, Don Terentzio, Antero eta Juana Parla erraldoiak eta buruhandiak. Ia urte bi atera gabe egon eta gero, gogotsu aritu dira kalean gora eta behera. 13:00etan atera dira, eta ordurako, udaletxe aurrea jendez gainezka zegoen. Umeak, urduri, buruhandiak noiz korrika aterako zain. Itxaropena taldeko txistularien doinupean egin dute udalerrian buelta, 696. urteurren ospakizunak irriz eta musikaz alaituz.