Mutrikuko Gaztetxean hasi dituzte 20. urteurreneko ospakizunak
'20 urte auskan' izeneko mahai inguru bereziarekin hasi zituzten barikuan urteurreneko ekintzak. Hilabete osoan beste hainbat ekintza egingo dituzte.
Mutrikuko Gaztetxearen 20. urteurrena; mahai ingurua. Argazkia: Mutrikuko Gazte Asanblada. Mutrikuko Gaztetxeak 20 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko askotariko ekintzak antolatu dituzte. Barikuan [azaroak 5] egin zuten lehenengoa. 19:00etan hasita, 20 urte auskan izeneko mahai ingurua egin zuten Gaztetxean. Antolatzaileek adierazi dutenez, giro ederra izan zen nagusi ekintzak iraun zuen bi ordu eta erdian. “Gustura egon ginen denok. Mahai inguru oso parte hartzailea izan zen. Gure nahia zen publikoaren artean zeudenek ere gurekin batera parte hartzea, eta helburu hori erraz lortu genuen. Oholtzan geundenen eta behean zeudenen arteko hartu-eman oso ona izan zen; denbora guztian berbetan aritu ginen”.
Esan dutenez, 40 pertsona inguru batu zituen urteurreneko lehen ekintzak. “Gaztetxe dena bete ez bazen ere, jende kopuru polita batu ginen”. Orain arte egon diren lau gazte asanbladetako ordezkariek parte hartu zuten. Bost lagunek ordezkatu zituzten azken 20 urteotako asanbladak eta horiek dinamizatzen Sara Basurko gaur egungo asanbladako kidea egon zen. “Garai zaharrak gogoratu eta asanbladaren eboluzioa zein izan den errepasatu genuen. Parte hartu genuenok bakoitzaren asanblada aurkeztu genuen, eta ondoren, bakoitzarentzat eta norbere asanbladarentzat zer izan den asanblada eta gaztetxea azaldu genuen. Asanblada bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak ere errepasatu genituen gero”.

J Martinaren kontzertua Mutrikuko Gaztetxean. Argazkia: Begipuntuan.
Zapatu [azaroak 6] gauean, berriz, J Martina hirukotearen zaleek 45 minutu inguru iraun zuen zuzeneko indartsuarekin gozatzeko aukera eduki zuten. Antolatzaileek esan dutenez, Gaztetxera hurreratu ziren zaleek zein taldea bera ere oso gustura geratu ziren. “Kontzertua oso ondo joan zen; Gaztetxea ia bete egin zen”.
Oro har, 20. urteurreneko ekintzen baitan lehen asteburuak emandakoarekin oso pozik agertu dira Mutrikuko Gazte Asanbladako kideak. Esan dutenez, erantzun polita eduki du lehen asteburuak. Azaroa osoan izango dira urteurrena ospatzeko ekintzak. Datorren asteburua ere indartsu dator. Barikuan [azaroak 12], 21:00etan, bertso afaria egingo dute eta domekan [azaroak 14], 18:00etan, berriz, Jon Basagurenek kontzertua eskainiko du.