Laumono talde mutrikuarra rock doinu biziekin itzuli da agertokietara
Hamar urte eta erdi lanik argitaratu gabe egon ostean, 'Umezurtzak Jupiterren' kaleratu du Laumonok. Hamar kanturekin jantzi dute lana.
Indarberrituta itzuli da Mutrikuko Laumono taldea. Adrenalinia lana kaleratu eta hamarkada bat beranduago Rikar Garagarza (ahotsa), Iñigo Gorritxategi (baxua), Jon Iturrino (gitarra) eta Enekoitz Andonegi (bateria) autoekoitzitako hirugarren lanarekin oholtza guztiak zapaltzeko asmoarekin datoz. Gustura geratu dira Umezurtzak Jupiterren izenez bataiatutako hirugarren lanaren emaitzarekin.
Taldeak 2001. urtean kaleratu zuen entsegu lokalean eurek grabatutako Beidau lehen lana, eta 2010. urtean Andrenalinia bigarren lana. Hamar urte eta erdi igaro dira azken lana kaleratu zutenetik, baina denbora horretan guztian ez dira geldirik egon. Zuzenekoak ematen, lokalean entsegatzen eta kantu berriak sortzen aritu dira. “Gauzak presarik gabe egitea gustatzen zaigu; hau zaletasun bat da guretzat. Lan berririk kaleratu ez badugu ere, lagun artean entsegatzen jarraitu dugu, eta kontzertuak ematen aritu gara han-hemenka”.
Entzuleari mundu honetatik haratago doan bidaia espazial antzeko bat proposatu nahi diote
Rock kutsu bizia eta soinu eta estilo propioa duten hamar kantuz jantzi dute lana. “Kantu bakoitzean paisaia eta giro ezberdinak marrazten dira, baina rock kutsua eta Laumonoren nortasuna inoiz galdu gabe“. Musika iturri askotatik edaten dute taldekideek, eta influentzia hori ere igarri-igarria da euren soinuan. “Rock klasikotik datorkigu agian abiapuntua: Buddy Guy, Led Zeppelin, Deep Purple, Jimmy Hendrix, ZZ Top, Beatles, Rolling Stones,… Oinarria hori da, izan ere, orain gutxira arte haien bertsioak jotzen jarraitu dugu zuzenean ere. Gero handik eta hemendik entzuten ditugun gauzak, gaur egungo musika ahaztu gabe, denak nahasten dira Laumonon”.
Lan berriarekin entzuleari mundu honetatik haratago doan bidaia espazial antzeko bat proposatu nahi diote. Hortik, lanaren izenburua ere: Umezurtzak Jupiterren. “Diskako hirugarren abestia Umezurtzen geltokia deitzen da eta azkena Jupiter. Bi izenburu horiek nahastuta, Umezurtzak Jupiterren izena atera zitzaigun, eta hala geratu da. Abesti bakoitza paisaia eta giro propioa duen geltoki bat modura irudikatu genuen bidaia espazial batean, eta Jupiter izenekoa izango da azken geltokia”.
Sentitzen dutena kantu bihurtuz, askotariko gaiak landu dituzte. “Gehienbat partaide bakoitzaren eguneroko bizipen xumeak dira. Askotan gertakizun txiki batetik sortzen da gaia. Beste batzuetan,berriz, psikodelikoagoak dira kontakizunak, sakonagoak. Baina modu ireki batean kontatzen saiatzen gara, istorioak bakoitzak bere erara ulertu ditzan”.
CD formatuan kaleratu duten lana taldeak han-hemenka emango dituen kontzertuetan lortu daiteke
Taldearen eboluzioa, bai teknikoki eta baita musikalki ere, nabarmena izan da sortu zenetik. Autoekoitzitako aurreko lan biak, esaterako, entsegu lokaletan grabatu eta kanpoko estudioetan nahastu eta masterizatu zituzten. Azken lana, ostera, Mutrikuko AME estudioetan grabatu eta nahastu dute osorik, Axular Arizmendiren gidaritzapean. Musikalitateari dagokionez, taldearen lehenengo lanak rock-blues tankera zuela esan dute. Bigarren lana, berriz, gordinagoa izan zen, hard rock estilokoa. “Hirugarren lana hau urte hauetan guztietan egindako eta hausnartutako musikaren nahasketa bat izan daiteke”.
Jendeak diskoa entzutea eta gozatzea nahi dute. CD formatuan kaleratu duten lana taldeak han-hemenka emango dituen kontzertuetan lortu daiteke. Orain arte kaleratu dituzten hiru disken bilduma 15 eurotan dago salgai, agortu arte. Hiru lanetakoren bat soltean erosi nahi dutenek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute lan bakoitzeko. Zaleek, gainera, euskarri digitalean ere lortu dezakete. Lehen bi lanak Spotify plaforman daude entzugai. “Laster azkena ere jarriko dugu bertan”.