Boluntarioak behar dituzte Ondarroan, elikagai bilketa berezia egiteko
Azaroaren 26an eta 27an herriko hamar dendaren aurrean bilketa egiteko laguntza eskatu diete herritarrei.
Ondarroako Danonartin elkarteak elikagaiak batzeko bilketa berezia egingo du azaroaren 26an eta 27an, baina hurrengo bilketa aurrera eraman ahal izateko boluntarioak behar dituztela jakitera eman dute. Zehaztu dutenez azaroaren 26an egun osoan ariko dira bilketa egiten eta azaroaren 27an, ostera, goizean. “Elikagaien Bankuek data horietan egin ohi dituzte bilketak eta Danonartinek ere data horiek baliatu ditu herritarrentzako bilketa egiteko”. Laguntzeko prest daudenek danonartin@hotmail.com posta elektronikora mezu bat idatzi, 685 76 92 89 telefono zenbakira deitu edo elkarteko kideren bategaz harremanetan jarri behar dira.
Elikagai bilketa, ohikoa legez, herriko janari denden atarietan egingo dute. Honako hamar denden aurrean kutxak eta mahaiak ipiniko dituzte, herritarrek elikagaiak bertan laga ahal izateko: Artabideko Mertxe, Bolin, Txist, Berdura Plazako Bikiak, Sabai (Lore), Kaleandiko Ana, Aitor janariak, Zaton eta Iturribarri eta Artabideko Eroskietan.
Esan dutenez, bilketan edozein elikagai izango da ongietorria, baina bereziki honakoak biltzeko deia egin dute: lekaleak, arroza, esnea, tomatea, olioa eta kontserba latak. Elkartea inoiz baino herritar gehiagori ari da laguntza ematen eta herritarrei orain arte modura elkartasunez jokatzeko eskatu diete.