Neurri murriztaile berriak ezarriko dituzte gune gorrian dauden herrietan
EITBk aurreratu duenez, badirudi jende pilaketak eragoztearekin lotutako neurriak izango direla bihar [azaroak 16] Jaurlaritzako iragarriko dituenak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esan du 100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia langa gainditu dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horrek esan nahi duela COVID-19aren transmisioa “handia” dela. Beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu gorrian dauden udalerrietan neurri murriztaile berriak ezarriko dituztela esango du bihar [azaroak 16] Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian.
Zortzi herri gune gorrian. Argi gorria piztu den udalerrietan zorroztuko dituzte neurriak, hau da, 400 kasutik gorako tasa dutenetan. Guztira zortzi dira gorri dauden udalerriak: Gipuzkoan, Astigarraga, Azpeitia, Pasaia, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga; Bizkaian, Elorrio, eta Araban, Agurain. Jaurlaritzak bihar [azaroak 16] iragarriko ditu neurriak eta EITBk esan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu duela neurriak jende pilaketak saihestera eta herritarrak kontzientziatzera bideratuko direla: “Joera txarra geldiaraztea guztion lana da”, esan du Sagarduik.