Ugaitz Mugertzak maila nagusian jarraituko du
Bere helburua mailari eustea zen, eta helburua beteta pozik dago aizkolari mutrikuarra. 35 minutu, 13 segundo eta 70 ehuneneko marka eginda, laugarren postuan amaitu du Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa Nagusia.
Domekan [azaroak 14] Beasainen lehiatu zen 28. Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa Nagusia laugarren amaitu ostean, lehen mailan jarraituko du Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak. Bere helburua mailari eustea zen, eta helburua beteta pozik dago. “Lehenengo maila oso maila zorrotza da, eta hor mantentzearekin pozik nago. Euskal Herriko aizkolari onenen aurka ibili naiz lehian, eta hor borrokan jarraitzeko aukera edukitze hutsagatik gustura nago. Nire mailarik onena erakutsi eta dena eman nuen plazan, eta hori da garrantzitsuena. Ni horrekin geratzen naiz”.
Sei aizkolari ibili ziren txapela lortzeko lehian. Horietan azkarrena Mikel Larrañaga azpeitiarra izan zen; 29 minutu, 37 segundo eta 87 ehuneneko behar izan zituen lanak amaitzeko; Eneko Otaño izan zen bigarren eta Julen Alberdi Txikia IV.a hirugarren. Mugertza II.ak, berriz, 35 minutu, 13 segundo eta 70 ehuneneko behar izan zituen egokitu zitzaizkion hamar enborrak mozteko. “Proba ondo joan zen. Nahikoa indartsu hasi nintzen eta gero nire erritmoari eutsi nion. Mujika eta Azurmendi atzean lagatzen ninduela ikusita, lasai jarraitu nuen lanean”.
Egindako lanarekin pozik dagoela esan du. “Gustura geratu naiz. Azkenean denbora pixkat bat joan egin zitzaigun. Egurra oso gogorra zegoen, eta uste baino denbora gehiago behar izan genuen, batez ere, lanen bigarren zatian. Adar txikiren bat edo beste ere egokitu zitzaidan, baina ez ezer aipagarririk; horrekin ez nuen aparteko denborarik galdu”.
Hirugarren postua lortzeko nahikoa hurre ibili zen. Esan duenez, lehen enborretan “lehia ikaragarria” eduki zuen Txikia IV.arekin. “Hirugarren postua hurre eduki nuen, baina Txikiak behin eta berriz alde egiten zidan. Hura estutu nahian ibili nintzen, baina ezin izan nion aurrea hartu. Helburu hori ezinezkoa zela ikusita, laugarren postua mantentzeari ekin nion. Nire indarren muga-mugan nengoen eta gehiago ez arriskatzea erabaki nuen. Txikiari aurre hartzeko ahalegina eginda, neure burua hustuta utzi eta proba ezin amaituta ibili baino, nahiago izan nuen neure erritmoan jarraitu”.
Sailkapena:
- Mikel Larrañaga: 29 minutu, 37 segundo eta 87 ehuneneko.
- Eneko Otaño: 30 minutu, 31 segundo eta 22 ehuneneko.
- Julen Alberdi Txikia IV.a: 34 minutu, 16 segundo eta 63 ehuneneko.
- Ugaitz Mugertza: 35 minutu, 13 segundo eta 70 ehuneneko.
- Iñaki Azurmendi: 36 minutu, 17 segundo eta 70 ehuneneko.
- Jesus Mari Mujika: 39 minutu, 36 segundo eta 66 ehuneneko.