'Errail guztin barrenetatik' lanak irabazi du Ondarroako Beldur Barik saria
300 euroko saria irabazi du Zubi Zahar herri ikastolako DBH4ko ikasleek aurkeztu duten lanak.
Beldur Barik lehiaketaren helburua da emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten
dieten neska-mutilen arte adierazpen mota oro onartu, baloratu eta bultzatzea. Helburu horri jarraituz, eta epaimahaiak hala erabakita, Errail guztin barrenetatik lana izan da aurten irabazlea. Irina Alkorta Bedialauneta Ondarroako Udal Berdintasun zinegotziak azpimarratu du talde irabazleak “oso lan ederra” egin duela. “Oso gai ausarta aukeratu dute. Pozik gauden herriko gazteek egindako lanarekin”.
Zubi Zahar herri ikastolako DBH4ko ikasleek pozik jaso zuten saria barikuan [azaroak 19] Etxelilan egin zen ekitaldian. Aluaren masturbazioa gai nagusitzat duen ikus-entzunezkoagatik 300 euroko saria eskuratu dute. Egileek esan dute beste hainbat gairen artean hausnartu ondoren aukeratu dutela gaia. “Ezkutuan” dagoen gaia delako eta halako gai bat bistaratzera inor ez zela ausartuko pentsaturik aukeratu dutela gaineratu zuten.
Lana ondoko ikasleek egin dute: Kerman Aranzeta Aramaio, Maddi Badiola Leon, Enara Bermudez Müller, Ismael Hatab Berberi, Manex Julian Alkorta, Aratz Martinez Ibaibarriaga, Arhane Navarro Arantzamendi, Aimar Ortega Bengoetxea, Aritz Saizar Burgoa, Hodei Salegi Aranguena, Janitz Urkizu Alkorta, Haitz Urruzuno Gartzia eta Aner Zubikarai Gerenabarrenak.