Etxebarrian irabazita, Gorka Pagonabarraga da Bizkaiko Txapelketako lehenengo finalista
Bertso egarriz eta txalotzeko gogoz elkartu ziren 500 lagunetik gora Etxebarriko frontoian. Pagonabarragaren atzetik sailkatu zen Onintza Enbeita bertsolari muxikarra.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Etxebarriko frontoian jokatu zen atzo [azaroak 21], eta saioa Gorka Pagonabarragak irabazi zuen; finalerako txartela lortu du bertsolari durangarrak.
Pagonabarrak 529 puntu eskuratu zituen. Bigarren Onintza Enbeita muxikarra geratu zen, 518,5 puntugaz. Hamahiru puntu gutxiago eskuratu zituen Miren Amurizak –505,5 puntu–, eta 488, ostera, Imanol Uriak. 441 puntu batuta, kanporaketako bosgarrena izan zen Ibon Ajuriagojeaskoa, eta seigarren sailkatu zen Paule Ixiar Loizaga; 434 puntu batu zituen.
Bikain hasi zuen bertso saioa Enbeitak, zortziko handian nabarmendu baitzen muxikarra. Zortziko txikian, puntu berberak eskuratu zituzten Pagonabarragak eta berak –beste guztiek baino gehiago–, baina durangarra puntu-erantzunean zein bakarkako ariketetan gailendu zen. Ajugiragojeaskoak, berriz, hamarreko txikian izan zuen puntuaziorik onena.
Segurtasun neurriak indartuta hasi dira finalaurrekoak. Dena dela, nahiz eta bertsolarien eta bertsozaleen arteko tartea handia izan, bertso egarriz eta txalotzeko gogoz elkartu ziren 500 lagunetik gora Etxebarriko frontoian.
Hurrengoa Galdakaon. Hurrengo finalaurrekoa Galdakaon jokatuko da azaroaren 27an, 17:00etan, Urreta kiroldegian. Horretan ondokoak ariko dira: Aitor Etxebarriazarraga, Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Josune Aramendi markina-xemeindarra, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue eta Oihana Bartra. Finala abenduaren 18an izango da, 17:00etan, Bilboko Bilbao Arenan.
Txapelketako saioetarako sarrerak salgai daude, eta horiek eskuratzeko bide desberdinak daude; egunean bertan ere erosteko aukera dago, 16:00etatik aurrera, txarteldegian.