Aurten ere ez da Ondarroako Egia-Iriondo memorialik egingo
Gabonetako kirol hitzordu berezienetakoa ez egitea erabaki du antolakuntzak.
Asteetako lanketan murgilduta egon arren, Gabonetan ohikoa den Egia-Iriondo memoriala bertan behera lagatzea erabaki dute Ondarroako Udalak eta Ondarroako Atletismo Taldeak. “Badakigu jendea gogoz zegoela, prestaketa lanak ere aurreratuta genituen, baina COVID-19aren bilakaera ikusita, batez ere umeengan izaten ari den eragina ikusita, lasterketa bertan behera lagatzea erabaki dugu. Asko dira parte hartzera zein ikusle modura gozatzera hurbiltzen diren herritarrak, eta nahiz eta aire zabalean izan, oso metro gutxian jende pilaketa handia ematen da Alde Zaharrean”, adierazi du Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak.
COVID-19ak eragindako osasun egoera izan zen joan den urtean lasterketa bertan behera uzteko arrazoia, eta hala izan da aurten ere. “Ahaleginak ahalegin eta plantemendu berriak edo moldatutakoak egon arren mahai gainean, jende pilaketa handiak saihesteko Eusko Jaurlaritzak egindako gomendioei jarraituz, berriz ere bertan behera uztea erabaki da”.