13 urte bete eta gutxira egin zuen gerriko beltza eskuratzeko azterketa; uztailaren hasieran egin zuen azterketa Logroñon. “Fase tekniko bat eta ahozko fase bat gainditu behar izaten dira epaileen aurrean. Fase teknikoan borroka, kata eta kihon lantzen dira. Zerrenda batetik zazpi kata aukeratu eta horiek aurkeztu behar izan zituen. Besteak beste, Bassai Dai izeneko kata egin zuen; zerrendan daudenetatik zailtasun handiena duena da, baina halako azterketetan aurkezten den ohikoena ere bada”.
Unai Diaz ondarrutarrak gerriko beltza eskuratu du
Aspaldiko urteotan Ondarroan gerriko hori lortu duen karaketa gazteena da Diaz. Ondarroa Karate Taldeko beste bost kidek ere gerriko beltzak eskuratu zituzten egun berean.
13 urtegaz ez da oso ohikoa karatean gerriko beltza lortzea, baina Ondarroa Karate Taldeko Unai Diaz ondarrutarrak amets hori gauzatu du. Aspaldiko urteotan Ondarroan gerriko hori lortu duen karaketa gazteena da. “Gerriko beltza eskuratzeko gutxiengo adina 13 urte da, baina jendeak, normalean, 18 urte ingurugaz eskuratzen du. Aurretik ere gure taldeko beste karateka batzuk ere lortu izan dute gerriko beltza halako adinagaz, baina aspaldiko urteetan ez da halakorik errepikatu; gutxienez, 20 bat urte igaro dira ordutik”, azaldu du Luis Arraiz taldeko maisuak.
Diaz ume-umetan hasi zen karatean. Duela zazpi bat urte hasi zen lehenengo urratsak ematen, eta oraindik ere Luis Arraizen esanetara entrenatzen jarraitzen du. Karatean oso aurreratze azkarra eduki duela azpimarratu du Arraizek, eta diziplinak eskaintzen duen mugarrietako bat lortzea pozgarria dela esan du. Edonola ere, gakoa gogor lan egitea izan dela gaineratu du. “Finkatu ditugun helburuak bete arte horretan zentratuta aritu da lanean. Oso diziplinatua da ume-umetatik, eta gogor lan egiten du; hau guztia lan horren guztiaren fruitua da”.
Diazek lortutako lorpenagaz “pozik” dagoela esan du Arraizek. “Oso pozgarria da. Ikasletako batek gerriko beltza eskuratzea ohore bat da; talde modura eta maisu modura sekulako lorpena da. Horretan guztian nire aletxoa jarri dut, nahiz eta ikasle modura esfortzu eta ahalegin guztia berak egin”.
Diazek ez ezik, Ondarroa Karate Taldeko beste bost kidek ere gerriko beltzak eskuratu zituzten egun berean. “Azterketara aurkeztu ziren guztiek gainditu zuten, eta hori ere sekulako lorpena da. Txiki mailan aritzen diren Guillen Pagaldaik eta Iñigo Guimeransek gerriko beltza eskuratu zuten 15 urtegaz. Lehenengo dana eskuratzeko 16 urte beteta eduki behar dira. Adin hori betetakoan Diazek, Pagaldaik eta Guimeransek lehenengo dana eskuratzeko azterketa osagarria egin beharko dute”.
Taldeko beteranoenek ere azterketa gainditu zutela gaineratu du. “Toño Diazek eta Aitor Gutierrezek lehengo dana eskuratu zuten, 63 eta 50 urtegaz, hurrenez hurren. Benjamin Etxaburuk, ostera, bigarren dana eskuratu zuen 59 urtegaz. Urte askoan prestatzen eta lanean aritu dira, eta hori ere berri oso pozgarria da”.