Antxoa gaztearen biomasa gutxitu egin dela dio Aztik
2020. urteko uda amaieran 230.000 tona antxoa gazte zeudela ondorioztatu zuen Aztik, eta aurten 208.000 tona izan dira.
Urtero Azti zentro teknologikoak gidaten duen Juvena azterketaren datuen arabera, Bizkaiko golkoko antxoa gazteen egungo populazioa 208.000 tonakoa. Adierazi dutenez, lortutako datuek antxoaren batezbesteko erreklutamendua bermatzen dute 2022ko arrantza kanpainarako, baina serie historikoaren batezbestekoaren azpitik daude. Aurten lortutako datuak 2020ko emaitzen azpitik daude; urte horretan 230.000 tonara ailegatu zen aztertutako biomasa.
Guillermo Boyra Aztiko ikertzaile eta kanpaina ozeanografikoaren arduradunak esan duenez, aurtengo biomasaren zenbatespena ugaritasun ertainekoa da. “Serie historikoaren batezbestekoaren pixka bat azpitik dago, eta lortutako emaitzek batez besteko erreklutamendu maila aurreikusten dute datorren urterako”.
Eusko Jaurlaritzak “positiboki” baloratu du antxoa gazteek gure kostaldean duen osasun ona duela berresten duten datuak. “Antxoa gazteek gure kostaldean duen osasun ona berresten duten datuak dira, Euskadiko arrantzaleei antxoaren arrantzarekin modu iraunkorrean jarraitzeko aukera ematen baitie”, agertu du Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde eta AZTIko presidenteak.
Aztik 2003. urtetik garatzen du Juvena kanpaina, eta hurrengo urteko antxoaren arrantza kudeaketaren mugak ezartzeko ondorioak ateratzea ahalbidetzen du, Bizkaiko golkoan bizi den antxoa gaztearen biomasaren neurketan oinarrituta. Azterketa abuztutik irailera bitartean egin zuten, Emma Bardan eta Angeles Alvariño ontzi ozeanografikoetan. Ikerketak 37.500 itsas milia karratu estali ditu guztira.
Azterketaren esparruan, Aztiko ikertzaileek aldaketak hauteman dituzte antxoa gazteen banaketa geografikoan eta tamainan ere. “Aurten jubenilek golkoko eremu handi bat estali zuten, Frantziako plataformaren iparralderaino iritsiz. Beharbada, planktonaren gainazaleko geruza baten presentziak eragin du banaketa espaziala. Euskal arrantzaleek zikina esaten diote horri, eta aurten salpa txikiek osatzen dutela identifikatu ahal izan dugu. Aurten zikinak Bizkaiko golko osoan zuen hedadura handia dela eta, antxoaren banaketari eragingo ziola uste dugu, izan ere, badirudi zikinaren eremuak modu aktiboan saihesten dituztela”.
Aztiko adituek gaineratu dutenez, tamainan beheranzko joera nabaritu dute azken hamarkadan. “2004an 10,6 cm zen, 2010ean 8,3 cm, eta 2021ean, berriz, 5,3 cm-koa da batezbestekoa, eta iaz 6,1ekoa”.