Delirium Tremens talde mutrikuarra kontzertu erraldoi batekin bueltatuko da oholtzara
2022ko udaberrian zortzi kantuz ondutako lan berria kaleratuko dute. Maiatzaren 28an BEC erakustazokan emango duten kontzerturako sarrerak barikuan [abenduak 3] ipiniko dituzte salgai.
30 urteko isiltasunaren ostean, Delirium Tremens talde mutrikuarrak bere itzulera iragarri du; kontzertu erraldoi batekin bueltatuko dira agertokietara. Hirukote formatuan itzuliko da taldea; Andoni Basterretxea taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak, Juan Jose Iurrita Txufu bateria jotzaileak eta Patxi Irisarri baxu jotzaileak gaur [azaroak 30] igarri dute albistea, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. Rock talde historikoak 1991ko azaroaren 30ean eskaini zuen garai hartako azken zuzenekoa Mutrikuko Venecia aretoan, eta 30 urte geroago, egun bera aukeratu dute albistea emateko.
Hiru taldekideek argi laga dute ez direla bueltatu “aurretik egindakoaz bizitzeko” asmoz. Andoni Basterretxea taldeko abeslariak esan duenez, taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruzari duela bi urte egindako omenaldia izan zen guztiaren hazia; orduan konturatu ziren garai bateko “delirioak” oraindik ere “tremendoak” zirela eta “betiko abestiak eguneratzeaz gain, zain zeuden berriei ere lekua egin behar” zitzaiela. Gaineratu duenez, han sentitutakoak eraman ditu berriz estudiora. “Batu ginen, nahi gabe bezala, entseatu genuen, eta, hain ondo pasatu genuen, batzuk berotu egin ginen. Eta erabaki genuen aurrera egitea”.
Itzulera iragartzeaz gain, udaberrian kaleratuko duten lanaren abesti eta bideoklip berria ere aurkeztu dituzte. Ordago izena dauka disko berriaren aurrerapen kantuak. “22ko udaberrian argitaratuko den album oso bat egin dugu. Gaur, Ordago lehen abestia eta honen bideoklipa aurkeztera gatoz eta hau dena, taulagainera eramateko prest eta gogoz gaudela esatera”.
Urtebeteko lanaren ondoren, estudioan buru-belarri sartuta dabiltza kantu berriak grabatzen. Aurreratu dutenez, zortzi abestiz onduko dute lana. Esan dutenez, abesti berrietan ere Delirium Tremensen betiko soinua igarriko dute zaleek. “Abestiek rock ikutua dute, baina gaur egungoak dira”.
Aro berriko lehen kontzertua maiatzaren 28an eskainiko dutela ere iragarri dute. Taldeak 35 urte beteko dituen urtean, “orduko eta gaur egungo gazteak” espero dituzte BEC erakustazokan emango duten kontzertu erraldoian; 8.000 ikusle inguru espero dituzte. “25 urte ospatzen ari den Des-kontrol talde arrasatearra eta 10 urte bete dituen McOnak talde lekeitiarra izango ditugu gurekin urteurren festa honetan”. Kontzertu horren berri eman dute oraingoz, baina kontzertu gehiago ere izango direla aditzera eman zuten. Barikuan [abenduak 3] ipiniko dituzte kontzerturako sarrerak salgai lasttour.org eta seetickets.com/es atarietan.
Bospasei urteko ibilbidea. Taldea 1985etik 1991ra bitartean egon zen abian. 1985ean sortu zuten Andoni Basterretxeak (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu-k (bateria) eta Javier Bilbatua Billy-k (baxua), eta, pare bat maketa grabatu ostean, 1987an argitaratu zuen Zarrapo talde nafarrarekin erdi bana partekatutako lehenengo diskoa: Hemen denak berdinak dira (Oihuka); garai hartan ohikoa zen bi talderen artean disko bat osatzea.
Hurrengo lau urtetan bi lan luze plazaratu zituzten. 1989an argitaratu zuten Ikusi eta ikasi (Oihuka) taldearen lanik entzutetsuena. Diskoa grabatzera sartu baino lehen Txufuk taldea utzi zuen, eta Patxi Irisarri sartu zen haren ordez. Diskoa grabatu eta berehala Iñigo Muguruza sartu zen taldean, eta Delirium Tremens laukote bilakatu zen. Urtebete beranduago argitaratu zuten estudioko azken diskoa, Hiru aeroplano (Oihuka). Bilbo zuzenean 91-5-24 (Esan Ozenki) zuzenean grabatutako diskoa izan zen taldeak kaleratu zuen azkena. Handik gutxira amaitutzat eman zuten ibilbidea.