Ekain Aboitizek irabazi du Gizaburuagako santakatalinetako Barraskilo Lasterketa
Olazar kultur elkarteak eta Gizaburuagako Udalak elkarlanean antolatuta, Santa Katalina jaiak ospatu dituzte beste urte batez Gizaburuagan. Pandemia dela eta, ohiko ekintza jendetsurik egin ez badute ere, kultur ekintza gutxi batzuk egin dituzte jaiak girotzeko. Ekintza gehienak domekan [azaroak 28] egin zituzten. Tartean, ohi modura, herriko ume eta gaztetxoentzako falta ezin den lehiaketa egin zuten: Barraskilo lasterketa. Hamabost lagunek parte hartu zuten, eta horietan azkarrena, Ekain Aboitizen barraskiloa izan zen. Junes Agirregomezkortaren barraskiloa izan zen helmugara iristen hurrengoa.
Barraskilo lasterketagaz gain, beti-betiko jolasetan aritzeko aukera eduki zuten frontoira hurreratu ziren ume eta gaztetxoek. Haurrak ondo pasatzen ari ziren bitartean, ostera, herriko helduek Goienerrek udaletxeko aretoan eskaini zuen batzar informatibora joateako aukera eduki zuten; 32 lagunek jarraitu zituzten Lea Ibarrean sortu nahi duten energia komunitateari buruzko xehetasunak. “Oso interesgarria izan zen. Dena aurrera eramateko, aurrerago talde eragile bat sortzeko asmoa daukagu”.