Gorenak baimendu egin du ziurtagiria eskatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere
Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du Eusko Jaurlaritzaren helegitea, eta ebatzi du zenbait tokitan sartzeko ziurtagiria aurkeztu beharra "egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat" dela.
Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra aurkeztu zuen helegitea, eta baimendu egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hainbat tokitan ziurtagiria exijitzeko eskaera. Bere erabakia argudiatzeko irailaren 14ean Galiziarako eman zuen ebazpenean oinarritu da, eta esan du ziurtagiria exijitzea «egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat» dela. Fiskaltza ere atzo [azaroak 29] ziurtagiriaren alde agertu zen. Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du osasun larrialdi egoera berriro ezartzeko asmoa duela.
EAEko Auzitegi Nagusiak azaroaren 22an ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzaren asmoak oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Jaurlaritzak egindako eskaeraren arabera, ziurtagiria erakutsi beharko da herritarrei aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dizkieten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika-tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere eskatu nahi dute ziurtagiria, 22:00etatik aurrera.
Jatetxeei ere eragingo die neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (811koa zen atzo EAEn). Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.