Mikel Alvarezek irabazi du Augustin Zubikarai nobela beka
Lehiaketara hogei lan aurkeztu dira, eta epaimahaiak ebatzi du Alvarezena dela onena. Euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dituen zientzia-fikziozko proiektu bategaz irabazi du sariketa. Barikuan [abenduak 3] jasoko du saria.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten 21. Augustin Zubikarai lehiaketako nobela beka Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak irabazi du; euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dituen Euskalia izeneko zientzia-fikziozko proiektuagaz irabazi du lehiaketa. Hogei proiektu aurkeztu dituzte sariketara, eta horien artean Alvarezen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.
Aurtengo proiektu irabazleari buruz gutxi aurreratu badute ere, esan dute nobela beltzaren ukitua eta umorez gainezka egiten duela. “Politikari, zinemari edota komiari keinu ugari egiten dizkio”. Aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira Alvarezek kontatuako istorioan, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko Erresuma horri. Pixkanaka, auzo herrietakoek euskaldunen kolonizazioaren biktima bihurtuz joan dira, baina denak ez daude pozik, hala nola kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz.
Barikuan [abenduak 3] 18:00etatik aurrera Kofradia Zaharrean egingo den ekitaldian jasoko du saria, Literatur Amuak jardunaldien barruan. Egileak bertan emango ditu proiektuari buruzko xehetasun guztiak, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editore eta sariketako epaimahaikideak egingo dion solasaldian. Lander Garro iazko bekaren irabazleak ere ekitaldi berean aurkeztuko du duela gutxi argitaratu duen Faith eleberria; Joxemari Urteagak elkarrizketatuko du egilea.