Mikel Iriondo igerilari ondarrutarrak Espainiako errekorra hautsi du
Master mailako estilo libreko 100 metroko errelebo proba mistoan lehendik ezarrita zegoen denbora bi segundotan hobetu du igerilari ondarrutarrak Itziar Tardaguila, Mikel Bildosola eta Lara Bikandigaz batera.
Asteburuan Getxon jokatu den Bizkaiko Liga Masterreko I. Jardunaldian master mailako Espainiako marka berria ezarri dute Swim Camp Getxo kirol elkarteko igerilariek, estilo libreko 100 metroko errelebo proba mistoan. Itziar Tardaguila, Mikel Bildosola eta Lara Bikandigaz batera lortu du marka berria Mikel Iriondo Anakabe igerilari ondarrutarrak. Lehendik ezarrita zegoen denbora bi segundotan hobetu ostean, 4 minutu 16 segundo eta 33 ehuneneko denbora ezarri dute. Ondarrutarra bizkar estiloan aritu zen, Tardaguila bular estiloan, Bildosola tximileta estiloan eta Bikandi, berriz, krol estiloan aritu zen.
Iriondok esan duenez, lehendik ezarrita zegoen marka hausteko helburuagaz joan ziren txapelketara. “Gure markak ikusita, errekorra hausteko aukera genuela ikusi genuen”. Lau taldekideak azken asteetan gogor entrenatzen aritu dira horretarako. “Duela hilabete inguru bururatu zitzaigun hau guztia, baina aurretik gogor entrenatzen aritu gara bakoitza bere kontura”.
Uretara dzanga egiten lehen izan zen ondarrutarra, eta bere marka ikusirik, helburua betetzeko hurbil ibiliko zirela iruditu zitzaion. “Nire zatia amaitu, eta nire denbora ikusi nuenean, errekorra hausteko aukera nahikoa genituela iruditu zitzaidan; aurten egin dudan denborarik onena bi segundotan hobetu nuen eta. Nire taldekideek ere marka onak egin zituzten, zer edo zer kosta zitzaiela esan zidaten, baina pozik amaitu genuen”.
Txapelketa oparoa izan dela gaineratu du ondarrutarrak. Bizkar estiloko 50 metroko lasterketan ere parte hartu zuen, eta erakustaldi ederra eman ondoren, irabazi egin zuen. 27 segundotan eta 08 ehuneneko behar izan proba amaitzeko. “Denboraldi honetan lortu dudan markarik onena izan da”.