Sindikatuen arabera, "ia erabateko jarraipena" eduki du Bizkaiko kontserba sektoreko grebak
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna izan dute gaurkoa [azaroak 30] Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko beharginek. Pikete informatiboak egin dituzte lantegietako kanpoan eta manifestazio jendetsua egin dute Ondarroan.
Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko beharginek, kaleak hartu, eta greba egin dute gaur [azaroak 30]. Sindikatuen arabera, greba eguna “arrakastatsua” izan da eta “ia erabateko jarraipena” eduki du eskualdean. “Lantoki guztietan ia jende guztia kanpoan gelditu da; produkzioa geldiarazi dute, soldata eta lan baldintza duinen alde”.
07:30ean hasita, pikete informatibo “indartsuak” egin dituzte eskualdeko lantokien kanpoan. Beharginek HITZAri adierazi diotenez, “bakan batzuk” sartu dira gaur lanera. “Gehiengoak lanera ez joatea erabaki dugu. Azkenaldian lanera sartu diren eta aldi baterako laneko enpresekin kontratua dutenak joan dira bakarrik lanera”. Sindikatuek gaineratu dutenez, Dentici enpresaren kanpoan egon da pikete informatibo nagusiena. “Langileek ondo erantzun dute, eta 18 bat langile batu dira pikete informatiboetan”.
11:00etan ostera, manifestazio jendetsua egin dute Ondarroako kaleetan zehar; eskualdeko lantegietako dozenaka behargin batu dira bertan. Ortiz enpresaren aurretik hasi, eta haindik Alamedara abiatu dira. Besteak beste, Gure eskubideak ez daude salgai eta Hitzarmen duina moduko leloak entzun dira kalerik kale.
Beharginek kezkatuta daudela esan dute mobilizazioaren amaieran; patronalak proposatzen dien soldata igoera “miseria” bat dela azpimarratu dute. “Nik ez dakit zuek zenbat irababaziko duzuen, baina nik 6 euro pasatxo irabazten dut lan egiten dudan ordu bakoitzeko. Eta patronalak proposatzen duen soldataren %0,3ko igoeragaz orduko 2 zentimo gehiago irabaziko nituzke; lotsagarria iruditzen zait. Sindikatuek proposatzen duten igoeragaz ere ez genuke askoz gehiagorik irabaziko, orduko 34 zentimo gehiago”, azaldu du langileetako batek.
Gaurko mobilizazioak “positiboki” baloratu dituzte lau sindikatuek
Sindikatuetako nabarmendu dutenez, asteak daramatzate sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurka mobilizatzen. “Patronalak ez du oraindik soldata igotzeko proposamenik egin, egungo miseriazko soldatak nabarmen hobetzeko. Are gehiago, patronalak egin duen proposamenak erosteko ahalmena galtzear dakar, eta gainerako gaien negoziazioa baldintzatzen du soldataren beherakadaren proposamenak”.
Gaurko mobilizazioak, oro har, “positiboki” baloratu dituzte. “Beharginek indar erakustaldi polita egin dute. Pentsa baino askoz hobeto joan da dena, eta uste dugu patronalak jaso duela mezua. Jendea borrokatzeko prest dago, eta ez dute hala-holako hitzamen bat sinatzen lagako”. Gaineratu dutenez, beharginak “oso ahaldunduta” daude. “Emakume langileria gogor dator. Gaurko eta zapatuko manifestazioetan, gainera, milaka koloretako jendea batu da, eta hori ere oso pozgarria iruditzen zaigu”.
Patronalak jarrera aldatu ezean eta hitzarmen duin bat onartzeko “urrats errealak” eman ezean, beharginek mobilizazio eta greba dinamikak indartuko dituztela iragarri dute sindikatuek. “Gaurko grebaren arrakastaren ostean patronalak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, mobilizazioekin eta greba egunekin aurrera jarraituko dugu”.