Abendurockek 11 talde batuko ditu Mutriku Gaztetxeko oholtzan
Kontzertuetarako sarrerak Entradium atarian daude eskuragarri, 5 euroren truke. Osasun egoerak okerrera egin duela kontuan hartuta neurriak zorroztu egingo dituzte.
Mutrikuko Rock Kolektiboko, Gaztetxeko eta Zine Forum Taldeko kideen eskutik ate joka dator 17. Abendurock jaialdia. Barikuan [abenduak 3] hasi eta abenduaren 25era bitartean, kontzertu sorta ederra eskainiko dute Gaztetxeko agertokian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, inoiz baino talde gehiagok joko dute. “Zaleen musika gosea asetu asmoz”, 11 talde batuko ditu jaialdiak.
Erroetara eta betiko formatura buelta eginda, Gaztetxean eskainiko dituzte kontzertu guztiak. Sarrerak Entradium atarian daude eskuragarri, 5 euroren truke. “Kultura doan eskaintzea aukera ona da, baina askotan ez gara ohartzen emanaldi baten atzean dagoen lan guztiaz, eta uste dugu sarrera jartzeak urteroko hitzordua modu duinagoan antolatzea ahalbidetuko duela eta, beharbada, egindako lana gehiago baloratzea”.
Gaineratu dute askorentzat “hain ezagunak” ez diren taldeei bultzada ematea dela jaialdiaren helburuetako bat. “Kaleratu berri diren diskoen aurkezpen kontzertuez gozatzeko aukera ere edukiko dugu”. Oholtzan, bestalde, inoiz baino emakume gehiago ere egongo dela iragarri dute. “Hainbat irizpide jarraituz aukeratutako taldeak dira gure artean izango ditugunak: gehiengoa euskaraz abesten dutenak izatea, emakumeen presentzia oholtzan areagotzea, lurraldetasuna eta estilo aniztasuna izan dira, besteak beste, kontuan hartutakoak”.
Musikarekin zerikusi estua duen urteroko film edo dokumentalak ere ez du hutsik egingo; Rolling Stones talde arrakastatsuari buruzko Shine a light aukeratu dute aurten. Gonbidapenak Entradium atarian daude eskuragarri.
Baina egunotan osasun egoerak okerrera egin duenaren jakitun, kontzertu guztiak edukiera mugatuarekin eta unean uneko osasun neurri guztiak errespetatuz egingo dituztela ohartarazi dute. “Neurriak zorroztuko ditugu, eta egoera oso aldakorra denez, unean-unean joango gara horiek zorroztu edo malgutu erabakitzen”. Bide beretik, hilaren 18rako iragarrita zegoen MRK Gaua ez egitea erabaki dute. “Osasun egoera ikusita, jaia aurrerago egingo dugu”.
EGITARAUA
- Abenduak 3, barikua. Bamms eta Iñorkiñak taldeak, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 4, zapatua. Maraca Diablo eta Diabolo Kiwi taldeak, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 10, barikua. Ginger eta Nize taldeak, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 11, zapatua. Urkabe eta Pleura taldeak, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 12, domeka. Shine a light dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan, Zabielen.
- Abenduak 17, barikua. Labana taldea, 22:30ean, Gaztetxean.
- Abenduak 25, zapatua. Serge eta Muzak taldeak, 22:30ean, Gaztetxean.