Beste bi sari eskuratu ditu 'Mi pequeño gran samurai' dokumentalak
Ekai Lersundi ondarrutarrarren bizitza jasotzen duen 'Mi pequeño gran samurai' film labur dokumentalak sariak eta izendapenak jasotzen jarraitzen du. Arantza Ibarra Basañez zinemagile ondarrutarrak zuzendutako zintak bi sari eta izendapen bat jaso ditu nazioarteko jaialdien zirkuituan.
Ekuadorreko El lugar sin limites Nazioarteko LGBT Zinema Jaialdian, esaterako, sail ofizialeko dokumental labur onenaren Max saria irabazi du Arantza Ibarra Basanez ondarrutarrak zuzendutako lanak. Jaialdiko epaimahaiak lanak publikoki erakusten duen “emozioa eta intimitatea” saritu nahi izan ditu modu horretara. “Galera triste batetik abiatuta, beste pertsona batzuentzako ikaskuntza bat lagatzen du istorioaren amaieran. Egunez egun errepikatzen den istorio bat dela kontuan hartuta, oso modu itxaropentsuan dago kontatua”. Ibarrak “oso eskertuta” jaso du asteburuan saria, eta Ekuador “puntan” sari bat irabaztea “sekulakoa” izan dela gaineratu du.
Zintak Zaragozako Zinema Jaialdian jaso du beste saria; LGTB kolektiboarekiko sentsibilitate handiena erakutsi duen film labur onenaren Zinentiendo saria jaso du. “Ezustean jaso dugu saria eta berebiziko ilusioa egin digu. Sari garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Epaimahaiak LGTB kolektiboarekiko sentsibilitatea erakutsi duen lana dela esate hutsak, niri behintzat, asko axola dit”.
Lana 2022ko Goya sarietan hautagai izateko zorian egon dela esan du Arantza Ibarra zuzendariak
Gaurtik [abenduak 1] abenduaren 4ra bitartean gauzatuko den Medellingo (Kolonbia) 8. Imagen de la Memoria Ikus-entzunezkoen Erakusketarako sail ofizialean lehiatzeko ere aukeratu dute lana. Zapatuan [abenduak 4] proiektatuko dute lana.
Lana, bestalde, 2022ko Goya sarietan hautagai izateko aukerarik barik geratu dela esan du Ibarrak. Hori bai, film labur dokumental onenaren sariaren izendapena jasotzeko lehen aukeraketan hautatu dituzten hamar lanen artean egoteko zorian egon dela gaineratu du. “Cullerako Film Laburren K-lidoscopi lehiaketan film labur dokumental onena lortzeko finalisten artean egon ginen. Hamabost dokumental zeuden sail ofizialean, eta finalerako aukeratu zituzten azken hiruren artean egon zen gurea. Ulisses lanak irabazi zuen sariketa, eta sariketa Goyetarako kalifikatzailea denez, lehen aukeraketan hautatu zituztenen artean hautatutako bat izan zen. Saria gureak irabazi izan balu, beharbada geu ere Goya sarietarako aukeratuen artean egongo ginateke”.