Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde kalera atera dira herritarrak
Sindikatuen deiagaz bat egin dute hainbat eragile eta kolektiboek, eta pertsonen bizitzak eta planetaren biziraupena erdigunean jarriko dituen neurri politikoak eskatu dituzte
Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko eta lan eta pentsio erreformen kontra egiteko elkarretaratzeetan batu dira herritarrak. Oinarrizkoak diren aldarrikapen horiek batzen dituztelako, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuen deialdiagaz bat egin dute herritarrek. «Ezarri nahi dituzten erreformen aurrean, hamaika eragile batu gara murrizketarik onartuko ez dugula ozen adierazteko. Denon lanari esker lortutako eskubideen defentsak batzen gaitu», adierazi dute.
Sindikatuak «kezkatuta» daude pentsioen erreformarako lege proiektuaren erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dituztelako: «Ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, ezta genero arrakala gainditzea ere. Dakigunaren arabera, aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez dira indargabetuko eta pentsio sistema publikoa ez da sendotuko».
«Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko. Pentsio duinak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala»
Lan erreformen nondik norakoak «are ilunagoak» direla diote; izan ere, diotenez, «ez dirudi Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik».
Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu direla diote gizarte eragileek: «Europar Funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira. Urte amaierarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari». Eta adierazi dute transferentzia horietan «ez zaiela erantzunik eman» Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskaerei.
Salatu dute Euskal Herriko erakundeek ez dutela «ezer jakin nahi» oinarrizko zutabeak eraldatzeaz, hau da, osasun, hezkuntza edota zaintza sistema publikoa eraldatzeaz; ez eta premiazko erreforma fiskalari ekiteaz ere. «Aurrekontu politika zekenen jarraipenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak eta gizarte prestazioak gehiago murriztu nahiak, krisian dagoen tokiko merkataritza babesteko neurri ezak,… adierazten dute 2008ko krisialdian eta pandemian ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi».
Norabide aldaketa sakona. Egoera horren aurrean, pertsona guztien bizitzak eta planetaren biziraupena erdigunean jarriko dituen neurri politikoak aldarrikatu dituzte, «norabide aldaketa sakona eskatuz»; horretarako, azpimarratu zuten «ezinbestekoa» dela erabaki burujabeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna edukitzea.
Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak «beharrezkoak» direla uste dute, eta lan baldintza duinak bermatzeko momentua dela diote. «Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko. Pentsio duinak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala».