Zenbait ekintza egingo dituzte Mutrikun, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan
Dokumental baten proiekzioa, elkarretaratze bat eta erakusketa bat antolatu ditu udalak datozen egunetarako.
Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, zenbait ekintza antolatu ditu Mutrikuko Udal Migrazio Arloak, “Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta migratzaileen eskubideak erdigunean jarriz”. Hiru ekintza antolatu dituzte denetara: dokumental baten proiekzioa, elkarretaratze bat eta erakusketa bat.
Eguenean [abenduak 2] estreinatuko dute egitaraua. 18:30ean, SOS Arrazakeriak eta Harrera Sare Herritarrak ekoitzitako En la calle dokumentala proiektatuko dute Zabiel Kultur Etxean. Aurreratu dutenez, kalean dauden edo egon diren gazte migratzaileak dira ikus-entzunezkoaren protagonista nagusiak. “Proiektuan parte hartzen duten gazteen ibilbide, asmo eta ilusioen kontakizuna da, lehen pertsonan kontatua”. Ostean, proiektuan parte hartu duten gazteekin solasaldia eskainiko dute.
Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, berriz, Mutrikuko Kulturartekotasun eta Elkarbizitza Taldeak Goiko Plazan elkarretaratzeko deia egin du; 19:30ean ipini dute hitzordua. “Bertan, taldeko kideek hitza hartu eta aldarrikapen testu bat irakurriko dute, Mutrikun migratzaileek bizi duren egoera ezagutarazteko”.
Azkenik, abenduaren 13tik 17ra bitartean, Gureak ere badira adingabe horiek izeneko erakusketa egongo da ikusgai Zabiel kultur etxeko erakusketa gelan; 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik aretoa. “Erakusketa honetan, SOS Arrazakeria elkartearen eskutik, hainbat gaztek etorkizun hobeago baten bila Afrika atzean utzi eta Europara iristeko bidean bizi izan dituzte egoerak ekarriko dira lehen lerrora”.