Beti-betiko eskaintza gastronomikoaren bueltan batu dira Amoroton
Herritarrek herritarrentzako prestatutako talo, gaztaina, sagardo, sagar saltsa eta askotariko jatekoez gozatu dute amorotarrek neguko urteroko jaian.
Ez dute ezer falta izan amorotarrek gaur [abenduak 4] Abenduan, On egin! ekitaldi gastronomikoan. Beti-betiko jatekoak eta edatekoak. Horixe izan da, ohi legez, gaurko eskaintza. Taloa txistorragaz, odolostea, salda, karakolak saltsan, sagar saltsa, arroz esnea, intxaur saltsa, sagardoa, gaztain erreak,… herritarrek herritarrentzako mimo handiz prestatutako jakiak izan dira denak, sasoikoak eta neguko hotza eramangarriago egiten laguntzen duten horietakoak.
11:00ak aldera joan da Telleri gaztainak erretzen hastera. Lehen aldiz egin du lan hori, urtero egiten duenak ezin izan du eta. 15 kg gaztaina eroan ditu frontoira, eta jendeak eskertu du. 13:15erako, hiru danbolin zituen zerbitzatuta. Gustura aritu da eginkizun berrian. 11:45 aldera hasi dira talo egileak lanean. Gaurkoan Goreti Ibarra ibili da talo masa prestatzen, eta eskua ondo hartu dio eginkizun berriari. Haren ondoan, dozena bat lagun talo jotzen, gogotsu, beste bi taloa plantxan egiten eta beste hiru-lau txistorrak egiten eta zerbitzatzen. Jendeak ondo erantzun du, eta ohi legez, 13:00-13.30 aldera batu da jende gehien.
Amorotoko Eskolako umeek ere euren alea jarri nahi izan dute. Abenduaren 23an eskolan zozkatuko duten otzararen zozketa txartelak saltzen egon dira frontoi sarreran.