Debabarreneko azalera handiko 34 saltokik jaso dute 'Hemen ondo birziklatzen dugu' ikurra
Mankomunitateak urrian abiarazi zuen azalera handiko saltokien birziklapen ohiturak eta gaikako bilketarekiko duten konpromisoa aztertzeko ekimena, kopuru handiak sortzen dituzten supermerkatuetan eta hipermerkatuetan birziklapen ohiturak sustatzeko helburuarekin. 37 saltoki bisitatu dituzte.
Debabarreneko Mankomunitateak urrian abiarazi zuen ekimenak emaitza onak jaurti ditu. Denbora tarte horretan, Mankomunitateak hiru bisita egin ditu saltoki bakoitzera, gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtzeko eta hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Azken bisitaren ondoren, eskualdean dauden azalera handiko 37 saltokietatik 34ri eman die “Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra”. Horrekin batera, gaikako bilketaren alde duten konpromisoa ikusarazteko, erakusleihoan ipintzeko pegatina bat eman die. Orain, birziklapen ohituren jarraipena egingo du Mankomunitateak, ·egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko·.
Mankomunitateak hiru bisita egin ditu saltokietara. Lehen bisitan, sentsibilizazio kanpainaren berri eman zieten saltokietako arduradunei; une hartan gaikako bilketarako zituzten baliabideak eta gaika biltzen zituzten hondakin kopurua aztertu zituzten. Bi asteren ondoren egin zuten bigarren bisita, eta lehen bisitan identifikatutako ohiturak mantendu direla ziurtatu dute hezitzaileek gaikako bilketa modu egokian egiten duten saltokietan. Lehen bisitan hondakinak oker bereizten zituztenen kasuan, berriz, ohitura horiek hobetu direla ziurtatu zuten. Azkenik, hirugarren bisitan ere gaikako bilketarekiko duten konpromisoaren jarraipena egin zuten, eta konpromisoa mantendu zutenei “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman zien Mankomunitateak, “birziklapenaren alde duten erantzukizunaren adierazle gisa”. Ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko du Mankomunitateak.
Baliabideak, eskura. Bisitetan, Mankomunitateak eskuorriak banatu zituen eskualdeko gaikako bilketari buruzko informazioa zabaltzeko. Horrrez gain, gaikako bilketa hobetzeko asmoz, eta hondakin organikoak banatuta jasotzeko, poltsa konpostagarriak doan eman zizkien saltokiei, bai eta egoki zetorkien tamainako kuboak ere.
Birziklatzea igotzeko egindako ekimenak erantzun ona jaso du, eta bisitak “beharrezkoak” direla azpimarratu dute saltoki gehienek. “Saltoki guztiek eskuzabalik jaso dituzte Mankomunitateko hezitzaileak”. Informazio oso baliagarria ere eskaini dute, etorkizunean gaikako bilketa hobetzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko. Pausoak emateko helburuari jarraituz, Mankomunitatearen asmoa da datozen urteetan ekimena azalera ertain eta txikiko saltokietara zabaltzea.