Ondarroako Ibaiondo kaleko argiteria aldatzen hasi dira
Altuera handian eta egoera arriskutsuan dauden kaleko argiak ohiko kaleko argiengatik ordezkatuko dituzte. Lanak hiru astean amaituta edukitzea espero du Ondarroako Udalak.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, kaleko argiak egokituko dituzte Ibaiondo kalean. Ibaiondo 2 atari paretik (Abel kristaldegiaren paretik) Txomin Agirre ikastolaren parera dauden argiak aldatuko dituztela zehaztu dute. Lanak aurreko eguenean [abenduak 2] hasi zituzten eta hiru astean amaituta edukitzea espero dute.
Udal iturrien arabera lanen helburua da altuera handian (10 metrora) eta egoera arriskutsuan dauden kaleko argiak ordezkatzea. Altuera handian dauden hamar kale argi ordezkatuko dituztela zehaztu dute. Horiek LED teknologia duten ohiko kaleko argiengatik (4 metroko altuerara dauden kaleko argiak) ordezkatuko dituzte, “energia kontsumoa eraginkorragoa izateko”. Argia era berdinean emateko, gainera, kaleko argi gehiago ere ipiniko dituztela esan dute. Guztira, 22 kale argi ipiniko dituzte.
Kale argi berriak ipintzeko, gainera, bestelako lanak egingo dituzte Ibaiondo kalean. Besteak beste, zimentazioak aldatu eta berriak ipiniko dituzte. Kaleko argiteria hobetzeko helburuarekin egiten ari diren lan horiek Cormoran Asociados enpresari esleitu dizkio udalak eta 35.287,50 euro (BEZ aparte) inbertituko ditu.