Ondarroako Time To Roots zigiluak hilaren amaieran kaleratuko du laugarren diskoa
Biniloa, ohi modura, edizio mugatuan kaleratuko dute; 20 kopia kaleratuko dituzte bakarrik. Hurrengo bi kantuak hilaren 15ean eta 29an kaleratuko dituzte.
Ondarroako Radixu Irratiako Time To Roots irratsaiotik jaiotako Time To Roots musika zigiluak bi kantuz osatutako EP formatuko zazpi hazbeteko binilo bat kaleratuko du hilaren amaieran. Bien bitartean, Dub Wizards: Winds of freedom izeneko laugarren lanaren lehendabiziko singlea entzuteko aukera dago sarean; abenduaren 1ean estreinatu zuten Winds of freedom kantua eta Ondarroako musika zigiluaren bandcamp orrialdean dago entzugai.
Biniloa, ohi modura, edizio mugatuan kaleratuko dute; 20 kopia kaleratuko dituzte bakarrik. Kopia bat eskuratu nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute Time To Roots zigiluko arduradunekin sare sozialen zein plataforma digitalen bidez harremanetan jarrita. “Biniloan bi kantu joango dira bakarrik: Winds of freedoom eta horren dub wise bertsioa”.
Jon Cagiao Time To Roots irratsioko buruak eta izen bereko musika zigiluaren sustatzaile ondarrutarrak esan duenez, aurreko lanean modura, oraingoan ere kantu beraren hiru bertsio egin dituzte. Zehaztu duenez, Joseba Aldalur saxofoi jotzaile donostiarrak saxofoiagaz lagundutako bertsioa da orain kaleratu dutena. Hurrengo asteetan, berriz, kantuaren dub bertsio bereziak kaleratuko dituzte: Winds of dub eta Dub of freedom. “Bata, kantuaren bertsio instrumentala da eta, bestean, dub-ak indar gehiago du; hau da, dub wise bertsio bat izango da. Hurrengo kantua hilaren 15ean emango dugu ezagutzera eta hilaren 29an, berriz, hirugarrena”.
Duela gutxi kaleratu duten Reggaean Jarrai. Euskal Folklore Jamaikarra bertsio diskoan ere parte hartu dute Time To Roots zigiluko kideek
Urteurren kantu berezia. Time To Roots irratsaioak, bestalde, 10 urte bete ditu eta urteurren hori ospatzeko George Palmerrek bereziki sortutako Don’t give up kantu berezia kaleratu dute. “Radixu Irratian egin dugun hamar urteko ibilbidea laburbilduta kontatzen duen kantua da. Horrekin batera dub bertsio eta dub wise bertsioa ere kaleratu ditugu; kantu horiek bertsio digitalean entzun daitezke bakarrik, gure Bandcamp orrialdean eta Youtuben”.
Cagiaok azaldu duenez, urteurren kantua Time To Roots zigiluaren Xtra Series azpi zigilu berriaren eskutik kaleratu duten estreinako kantua izan da. “Kantuak sortu eta sortu ari gara, eta Xtra Series proiektu berri honi esker bestelako abesti originalak, birnahasketak, bildumak… kaleratzeko asmoa daukagu”.
Azkenaldian saltsa askotan sartuta dabil Cagiao. Esan duenez, Euskal Herriko hainbat musikarik parte hartu duten Reggaean Jarrai. Euskal Folklore Jamaikarra lanean ere parte hartu du. 45 kolektibok batera egindako lanari esker gauzatu dute proiektua eta Euskal Herriko 250 pertsona baino gehiago egon dira inplikatuta bertan; lantalde horretan Cagiaok eta bere bandak parte hartu dute. Ska eta reggae doinuekin egindako euskal kantutegi tradizionaleko hamalau kanturen bertsioak jaso dituzte LP berezi batean. Besteak beste, Boga Boga, Eperrak, Aldapeko edo Oi Pello Pello kantuak bertsionatu dituzte.