Mutrikuko 'Herri Botia' Gabonetako kanpainak 8.000 euro banatuko ditu saritan
Kanpaina astelehenean [abenduak 13] abiaraziko dute, herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko asmoarekin. 57 saltokik bat egin dute kanpainarekin.
Herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko helburuarekin, Herri Botia-Herrian erosi eta irabazi Mutrikuko Loterian izeneko Gabonetako kanpaina aurkeztu du gaur [abenduak 10] Mutrikuko Udal Garapen Sailak. “Kanpaina honen bidez Mutrikuko eta inguruko herrietako biztanleak herrian dagoen merkataritza eskaintza erabil dezaten lortu nahi da, bertako ezagutza sustatuz eta tokiko ekonomia bultzatuz”. Gabonetako kanpaina berezia iaz abiarazi zuten estreinako, eta erantzun ona eduki zela ikusita, formatua errepikatzea erabaki dute aurten ere; iazko erantzun bera edukitzea espero dute.
Abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean kanpainara atxikitu diren 57 saltokietan (zerrenda behean) erosten dutenen artean 8.000 euro zozkatuko dituzte; saltokiek kartel identifikagarria edukiko dute bistara. Diru kopuru hori, iaz egin modura, kanpainara atxikitu diren saltokietan gastatzeko bonu eran erabili ahal izango da.
Sariak eta zozketa. Zozketan parte hartzeko 10 eurotik gorako erosketak egin beharko dira; erosleek 16 urtetik gora eduki beharko dituztela zehaztu dute. Kopuru hori gainditzen duen erosketa bakoitzagatik zenbaki bat jasoko dute erosleek, eta zenbaki horrekin urtarrilaren 10ean streaming bidez emango duten “Mutrikuko loterian” parte hartu ahal izango dute.
Hemeretzi sari banatuko dituzte. Saridunek kanpainara atxikitu diren saltokietan erabili ahal izateko 140 euroko balioa duten bonuak irabazteko aukera edukiko dute; bonu horiek 2022ko abenduaren 31 arte erabili ahal izango dira. Irabazlewk bonuak non gastatu behar dituzten zozketa bidez zehaztuko da. Honako eran banatuko dituzte sariak:
- Sari nagusia: 3.080 euro (140 euroko 22 bonu).
- Bigarren saria: 1.120 euro (140 euroko 8 bonu).
- Hirugarren saria: 560 euroko bi sari (140 euroko 4 bonu).
- Laugarren saria: 280 euroko lau sari (140 euroko 2 bonu).
- Bosgarren saria: 140 euroko 11 sari (140 euroko bonu bakarra).
Kanpainara atxikitutako saltokiak (57): Adats Ileapaindegia, Alazne Optika, Albaro denda, Alboka, Alday klinika, Aliprox Arrieta, Alkolea edaritegia, Ametza Taberna, Anaiarte taberna, Ansorregi Oinetakoak, Apain, Aparra, Apartak ileapaindegia, Arno Batzokia, Bare Bare, Beristain Estankoa, Beristain liburudenda, Bigara, Buceo Euskadi, Denbaberri, Dilaitz barne diseinua, Ekoamalur, Garaia, Gotzon arrandegia, Gotzone ileapaindegia, Goxart, Iparragirre altzariak, Iratxe lorak, Iratxe masajeak, Iripe, Islada fisioterapia, Itxasne frutategia, Joseba masajeak, Josune ileapaindegia, Kalbaixo jatetxea, Lasuen-Elezgarai farmazia, Lekube burdindegia, Lon Apraiz farmazia, Loretxu taberna, Madariaga, Maider Pinto zentroa, Maneiro lentzeria, MGS, Mila frutategia, Olaizola arropak, Ostadar, Panaderi berri, Perras Arrandegia, Potero, Sabina, Tallera Tatoo, Tamayo taberna, Txalaparta, Txoko taberna, Virginita, Zelaieta jatetxea eta Zuriñe estetika.