Natur Jardunaldiak egingo dituzte Mutrikun
Gaiarekin lotutako bost hitzaldi eskainiko dituzte. Abenduaren 15erako iragarri dute lehenengoa eta hurrengo laurak urtarrilean eta otsailean eskaintzeko asmoa dutela esan dute antolatzaileek.
Datorren astean hasiko dira bidea egiten Mutrikuko Udalak Mutrikuko Natur Taldearekin elkarlanean antolatu dituen Natur Jardunaldiak. Antolatzaileek urteak daramatzate natur eta ondareari buruzko hitzaldiak elkarlanean antolatzen, eta abenduan, urtarrilean eta otsailean gaiarekin lotutako bost hitzaldi eskainiko dituzte. “Hitzaldi hauen helburua da momentuan sortzen diren gai eta arazoei irtenbideak proposatzea, herritarrak eta ikusleak, oro har, informatzea eta ikusmira ezberdinen arteko debatea sortuaz iritzi propioak eraikitzea”.
Lehenengo hitzaldia abenduaren 15erako iragarri dute. 19:00etan hasita, Itsas portuen kolore galtzea izeneko hitzaldia emango du Konrado Mugertza argazkilari, biologo eta irakasle ohiak Zabiel kultur etxean. Antolatzaileek esan dutenez euskal portuetan azken urteetan galdu den paisaiaren berri emango du. “Lehenengo egurrezko ontzi koloretsuetatik, poliesterrez eginiko ontzi zurietara eginiko ibilbidea azalduko du. Horrez gain, Erriberako zurgintzaren galera deskribatuko du eta horrek eragindako edertasunaren eta identitatearen galeraz ere ariko da”.
Abenduaren 16rako Lurzorua: oinazpiko unibertsoa hitzaldia zegoen iragarrita, baina bertan behera geratu dela jakitera eman dute antolatzaileek. Hizlaria ezin dela bertaratu esan dute, eta, beraz, Nahia Gartzia Bengoetxea ikerlari ondarrutarrak eman beharreko hitzaldia urtarrilera atzeratu dute. Aurrerago zehaztuko dute hitzaldi horren data.
Hurrengo hiru hitzaldien hizlarien izenak eta horiek eskainiko dituzten datak ere aurrerago zehaztuko dituztela gaineratu dute. Oraingoz, zein gairi buruzko hitzaldiak izango diren aurreratu dute. “Bata, klima aldaketa eta energia berriztagarriei buruzko hitzaldi bat izango da, bestean, azpiegitura proiektu handien ikuspegi soziologikoa landuko da eta azken hitzaldian, berriz, Itsas Natura 2000 gure itsasoan noiz eta nola garatuko den eta honen inguruan dauden arrantza jasangarri ereduen aukerak aztertuko dira”.