Giro onean ospatu dute Ziortza-Bolibarko Jubilatuen Eguna
Jubilatu elkarteko 50 bat bazkide batu dira Armola jatetxean egin duten bazkarian. Aurretik asanblada egin dute udal aretoan.
Ziortza-Bolibarko pentsiodunek eta jubilatuek era berezian ospatu dute gaur [abenduak 11] Jubilatuen Eguna. Udal aretoan batu diren bazkideek ez ohiko asanblada egin dute lehendabizi. “Estatutuetan hala dago jasota, eta, beraz, ez ohiko batzar berezi bat deitzera derrigortuta gaude”, azaldu du Gonzalo Urionabarretxea elkarteko presidenteak. Urteko asanblada berezia ere gaur burutu dute. “Batzar hau otsailean edo martxoan egin izan ohi dugu, baina osasun egoera tarteko luzatu egin zaigu kontua”.
Gaur gaurkoz 87 bazkide dira elkartean. Batzarrean landu dituzten gaien artean oraindik onartzeke zeuden kontuak eztabaidatu dituzte; besteak beste, elkartearen estatutuak onartu dituzte eta aurrekontuaren berri ere eman dute. Horregaz batera, zuzendaritza batzordetik datorren urtera begira dituzten asmoen berri ere eman dute. Aurreratu dute, osasun egoerak uzten badu behintzat, irteera batzuk egiteko asmoa dute. “Ditugun aurreikuspenen berri eman behar dugu. Gero ikusi beharko da horiek gauzatu ahal diren ala ez”.
Zuzendaritza batzordea berrizteko bozketa ere egiteko baliatu dute asanblada. Zazpi bazkidek osatzen dute zuzendaritza batzordea, baina azpimarratu dute ez dutela guztia berrituko; lau kideri erreleboa emateko batzordekideak aukeratu dituzte. “Duela dela lau urte eta erdi zuzendaritza batzordeko kide guztiak batera aukeratu genituen. Talde guztia berria ginen, eta halakoetan esperientzia dutenen laguntza behar izaten denez, batzordea erdizka aldatzen joatea adostu genuen. Aukeratzen direnak lau urterako aukeratzen dira, baina urte bitik behin egiten dugu aukeraketa orain”.
Bazkideak azkenik bazkaritan batu dira Armola jatetxean; 50 bat lagun batu dira giro ederrean. “Normalean 70 bat bazkide batzen gara urteroko bazkaritan, baina gaur 50 bat batu gara. Koronabirusaren eragina igarri egiten da halako ekintzetan ere”.