Jende asko ibili da Ondarroako sortzaileen azokan
Azokak eduki duen harreran ona ikusita, esperientzia errepikatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Bihar ere azoka zabalik egongo da 10:00etatik 17:00etara.
Ondarroako Kofradia Zaharreko lehenengo solairua herriko sortzaileen topagune bihurtu da. Gaur [abenduak 11] goizean zabaldu dute Tripi-Trapu Ondarroako sortzaileen azoka, eta bihar [abenduak 12] arratsaldera arte bertaratzen direnek herriko hogei sortzaile, artisau eta ekoizle txikik egindako produktuak erosteko aukera edukiko dute. Antolatzaileak pozik agertu dira azokaren lehen orduek eduki duten arrakastagaz. “Harrituta gaude dabilen jendearen joan-etorriagaz. Goizean tantaka ibili da jendea, baina 12:00etatik aurrera ugaritzen joan da. Jendearen erantzuna ikusita, oso gustura gaude. Orain arte oso ongi joan dira salmentak, eta enkargu asko jaso ditugu”.
Bertaratu direnak erakusmahaitik erakusmahaira ibili dira sortzaileen lanak ikusten eta horiei buruzko informazioa eskatzen. Asko eskuak beteta etxeratu dira, eta Gabonak hain hurre edukita, herrian eta eskuz egindako opari “berezien” bila gerturatu direla esan dute. Denetarik egon da azokan: eskulanak, apaingarriak, brodatuak, patchwork lanak, kaltzetorratzagaz egindako lanak, poltsak, hozkailuan ipintzeko imanak, erretxinaz egindako lanak, marrazkiak, margolanak, argazkiak, bitxiak…
Herriko sortzaileek egin duten estreinako azoka izan da, eta herritarren interesa ikusita eta sortzaileak eurak ere gogotsu daudela ikusita, esperientzia errepikatzeko asmoa erakutsi dute. “Azokak harrera ona eduki du. Sortzaileok ere animatuta gaude, eta beste zer edo zer egiteko gogotsu gaude. Herrian sortzaile gehiago dagoela jakinik, gainera, hurrengoan Kofradia Zaharreko beste solairua ere beharko dugu; bestelakoan eremu handiagoan batu beharko gara”.