Bertan behera geratu da Mutrikuko San Tomas eguneko jaia ere
COVID-19 birusaren kasuek eduki duten gorakadak baldintzatuta hartutako erabakia izan dela esan dute udal iturriek. Jairik egingo ez bada ere, hileroko Merkatu Txikia egingo dute.
Mutrikuko Udalak ere zapaturako [abenduak 18] iragarrita zegoen San Tomas jaia ez ospatzea erabaki du. Bigarren urtez jarraian erabaki dute hori. Azken asteetan herrian COVID-19 birusaren kasuek eduki duten gorakadak baldintzatuta hartutako erabakia izan dela gaineratu dute. “Azken unera arte jaia ohiko formatuan egiteko asmoa genuen, baina bertan behera lagatzea erabaki dugu, pandemiaren bilakaera kezkagarria baita. Herritarren osasun bermatzeko neurriak segurtasunez betetzeko aukerarik ez dago, eta egoera dagoen modura kontuan izanda, bertan behera geratuko da jaia”.
Jairik ospatuko ez dela azpimarratu badute ere, zapaturako antolatuta zegoen Merkatu Txikia egin egingo dela esan dute. Azoka Beheko Plazan egin beharrean, Goiko Plazan egingo dute espazio kontuagatik; 09:00etatik 14:00etara egingo dute ekintza, prebentzio neurri guztiak beteta. “Jairik egingo ez bada ere, bertoko ekoizle txikiei kalterik ez egiteko mantenduko dugu hitzordua. Hilabetero egiten dugun formatu berean egingo da azoka, baina erakusmahaiak zer edo zabalago ipintzeko, Goiko Plazan egingo da ekintza”.
Herriko bost ekoizleren produktuak egongo dira salgai: Goienetxe baserriko artzain gazta, Zortzikoren eztia, Ibiri eta Ekoalboraz baserrietako barazkiak eta Ondareren marmelada. Horiekin batera, Amaia Aberasturi artisauak eta Mutrikuko institutuko ikasleek ere ipiniko dute erakusmahaia.