Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen egoerak ez duela hobera egin dio LAB sindikatuak. Egoera “jasanezina” dela eta “berandu baino lehen urgentziazko irtenbide bat bilatzea ezinbestekoa” dela iritzita, beste greba egun bat deitu du barikurako [abenduak 17]. 09:30ean piketea egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako egoitzaren aurrean; sindikatuak iragarri duenez, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari bilera eskaera egingo diote. 11:00etan, berriz, elkarretaratzea egingo dute aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzaren aurrean.
Aldundiak langileekin batzeko eta “muturrekoa” bihurtu den egoerari irtenbidea emateko “borondaterik ez” duela salatu du sindikatuak. Adierazi dute urriaren 28an burutu zuten greba egunean bilera eskaera formal eta publikoa egin ziotela diputatuari, “helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz”. Eta azaroaren 12an, “erantzunik jaso ez” zutenez, beste greba egun bat gauzatu zuen LABek, baina aldundiko ateak “muturren aurrean itxi” zizkietela salatu dute. “Egun hartan, hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen Maite Peñak, baina gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri”.
Egoitzetako lan gatazkak Gipuzkoako jendarte osoari eragiten diola azpimarratu dute