Mikel Etxaburu: "Liburua zabaltzen duen testua gure amak idatzitakoa da"
Olerkigile ondarrutarrak laugarren poema liburua kaleratu berri du: ‘Ahaztu baino lehen, ama’. Sekulako arrakasta izan du; lehen edizioa agortzear dago, eta bigarrena antolatzen ari dira.
Izenburua ikusita, amari eskainitako poemak dirudite.
Bai, halan da, amari eskainitako poemak dira. Begirada partikular batetik abiatutako lan bat da, baina haratago joanda, beste pertsona asko eta askoren begietan islatu daitezkeen poemak dira.
Presiorik sentitu duzu amari poemak eskaintzean?
Berba, koma eta poema bakoitzean presioa sentitu dut. Poema bakoitzak momentu bat islatzen du, eta momentu hori bizitzeaz gain, testuetara eraman dut. Ariketa horregaz horiek momentuak bizi eta berbizi egin ditut, eta horrek niretzat pisu handia dauka. Zentzu horretan, idaztea asko kosta zaidan poema liburu bat izan da; ez ikuspegi literariotik, bai, ordea, ikuspegi animikotik edo barne sentimendu horretatik. Poemak eurak nahikoa soilak dira, erraz irakurtzekoak eta arinak dira, haize leun bat modukoak. Gure amari bere bizitzaren azken fasean akonpainamendua egin eta eskutik heltzeko modu bat dira niretzat poema hauek. Ahal denik gehien beraren tokian ipini, eta berak sentitu, pentsatu eta ikusten duen hori nire erara eta poema bidez adierazten saiatu naiz.
“Ni ausartuko nintzateke esatera nire poemek badaukatela ikuspegi optimista indartsu bat oinarrian”
Zaintzaleen lana aitortu barik ere ez duzu laga nahi, ezta?
Askotan laguntza behar izaten dugu guk maite dugun hori zaintzeko. Eta pentsatzen dut horrek gainerakoon aldetik behar dutela aintzatespen eta esker on esplizitu bat; eurak barik oso gaitza edo ezinezkoa izango litzateke geuk nahi dugun modura edo merezi duten modura pertsona horrek zaintzea. Hor badago poema bat Noeliari buruz idatzitakoa eta badaude beste taupada batzuk ere, hori guztia adierazten dutenak. Noelia da gure etxean gure ama zaintzen laguntzen dabilen Nikaraguako laguna. Berak dena laga behar izan du guk gehien maite dugun pertsona zaintzera etortzeko, eta apropos nahi izan dut egin aintzatespen esplizitu bat.
Gaia gordina izanda ere, baikortasun edo itxaropen mezu bat zabaltzen du liburuak.
Ni ausartuko nintzateke esatera nire poemek badaukatela ikuspegi optimista indartsu bat oinarrian. Poema liburu honetan ere gai ardatza bizitza da. Egia da bizitzari buruz berbetan ari garenean saihestu egiten dugula heriotzari buruz berba egitea, baina heriotza bizitzaren parte den heinean, nik bizitza aldarrikatzen jarraituko dut, baita gure amaren bizitza ere. Hor poema batean diodan modura, tangoa azkenera arte dantzan egin behar da, eta azken nota hori isildu arte hori guztia da bizitza; horri abestu nahi izan diot neure erara eta neure begiradatik.
“Nire hasierako helburua bete dut: gure amari eskura ematea bere poema liburua”
Liburua era bereziren batean dago banatuta?
70 bat poema jaso ditut, hiru ataletan banatuta. Hiruren oinarria da bizitza eta horren deribatuak.
Lehenengoko atala sarrera antzerako bat da, Post-itak pareta zurian deitzen da. Batez ere memoria eta desmemorietan oinarrituta dago. Gure ama ere, zahartzaroan gertatzen den modura, orain arte bizi izandako gau-
za, aurpegi edo bizipen asko eta asko ahazten hasi da. Txalupa batek lagatzen duen uberaren modukoa da, brankaz jotzen duenean ubera oraindik indartsu ikusten da, baina txalupak aurrera egin ahala, ubera hori lausotzen eta desagertzen doa, eta azkenean itsaso bihurtzen da; eta gure ama ere hala doa. Bigarrena Mara-mara deitzen da. Elurra egiten duen modura hotza ekartzen dit niri burura. Hor gehiago nire zalantzak, beldurrak, ezintasunak… halako gauzak ageri dira. Azken zatia Zure lurraldean deitzen da. Ikuspegi optimista bat azaltzen da, bizitzaren aldeko aldarri bat.
Pozik geratu zara emaitzagaz?
Oso pozik nago gauza askogatik. Batetik, nire hasierako helburua bete dut: gure amari eskura ematea bere poema liburua. Niretzat hori lehenengo mailako eginkizuna zen. Lauzpabost egunetan liburuari helduta bizi izan da ama. Nik uste dut, nahiz eta berak ahoz ez adierazi, berarentzako oso gauza handia izan dela. Eta berarentzako gauza handia izate horrek asebete egin nau. Bigarren helburua zen irakurleak ere norberaren begirada horretan islatuta sentitzea. Oso pozik nago jasotzen ari naizen erantzunekin. Lehenengo edizioa agortzear dago, eta bigarrena antolatzen ari gara. Egia esan, poema liburu bat hamabost egunean agortzea ez da ohikoa izaten.
70 horien artean badago zeuk idatzi ez duzun bat ere, ezta?
Liburua zabaltzen duen testua gure amak idatzitakoa da. Gure amak behin baino gehiagotan esan ohi du bera beste garai batean jaio izan balitz eta beste bizitza mota bat izan balu bera idazlea izango zela. Nik uste dut idazle badela, bere garaiko eta bere erakoa. Gure amak altxor modura gordetzen ditugun orri txatal asko eta asko ditu bere testuekin idatzita. Zehazki amak duela hamabi edo hamahiru urte idatzitako Ametsak izeneko narrazio laburragaz zabaldu dut nahita liburua. Normalean poema liburu bateko hasierako poemak garrantzitsuenak izaten dira, eta nik horregatik erabaki nuen bere testuagaz abiatzea. Liburua eskura eman nionean testu hau irakurri nion lehenengo, eta irakurri nion unean bertan negarrez hasi zen. Galdetu nion ea ezagutzen zuen zeinek idatzi duen hori testua, eta buruagaz baietz egin zidan.
Liburuko poemak oinarri hartuta, 55 minutuko ikuskizuna sortu dugu Izaskun del Cerro piano jotzaileak, Nerea Zuloaga abeslariak eta hirurok
Keu Agirretxeak ere propio sortu du kantua.
Lau minutu eta erdi irauten duen kantuan soinu banda ipini dio liburuari; laburpen antzeko bat egin du. Esaldiak hartu eta josi egin ditu kantu bat sortzeko. Kantu oso indartsua da, eta oso ondo islatu du esan, sentitu eta adierazi nahi dudana; iruditzen zait sekulakoa egin duela.
Paraleloki, Oroitzen hondarra nota txikietan errezitaldi musikatuaz ere bazabiltza.
Liburuko poemak oinarri hartuta, 55 minutuko ikuskizuna sortu dugu Izaskun del Cerro piano jotzaileak, Nerea Zuloaga abeslariak eta hirurok. Toki batzuetan Garazi Etxaburu dantzariaren laguntza ere badaukagu. Oso emanaldi berezia da: entzuleari eskaintzen diogu epel eta lasai egoteko une bat nahi duen horregaz pentsatzen egoteko, berak nahi duen tokian egoteko, sentitzeko eta bizitzeko.
Ondarroan emanaldi bi eskaini zenituen jarraian. Zelako esperientzia izan zen?
Gure ama Ondarroan oso ezaguna eta maitatua da, eta espero nuen modura, jende asko etorri zen. Emanaldi bi eskaini genituen bata bestearen atzetik, eta oso une bereziak eta intimoak sortu ziren, nekez ahaztuko zaizkidanak.