Lur Epelde: "Nekazaritza praktika batzuk lagungarriak izan daitezke lurzoruentzako, baita perturbazio bat ere"
Lurzoruetan aditua da markina-xemeindarra. Lurzoruen egoera eta osasuna aztertzeaz arduratzen da Neiker-BRTA nekazaritza ikerketa eta garapenerako euskal erakundean.
Hain zuzen ere, gaixorik dauden lurzoruak sendatzeko landareak eta mikroorganismoak erabiltzen dituzte. Epeldek dio Lea-Artibain eta Mutrikun garrantzitsua dela baso landaketen «kudeaketa egokia» egitea.
Neiker BRTAko Lurzoruen Mikrobio Ekologia taldeko kidea zara. Zertaz arduratzen zarete taldean?
Askotan esaten dut gure taldean lurzoruetako medikuak garela. Neikerren lurzoruen ospitale antzeko bat daukagu, iristen zaigun lurzoruei diagnostiko bat egin eta gaixorik daudenei terapia bat ezartzen saiatzen gara. Arazoa da gure paziente diren lurzoruek ez dutela –pertsonek bezala– hitzik egiten; beraz, osasun maila zehazteko lurzoruko mikroorganismoak aztertzen ditugu.
Zergatik dira horren garrantzitsuak lurzoruak?
Begi bistaz ikusten ez baldin bada ere, ez dugu ahaztu behar lurzoruak planetako konpartimentu biodibertsoenak direla eta eskukada batean bilioika bakterio eta dozenaka kilometro onddo hifa aurkitu daitezkeela. Bizidun txiki horiek euren arteko lankidetzan funtzio ekologiko oso garrantzitsuak burutzen dituzte.
“Esperientzia handia daukagu lurzoru kutsatuekin, eta hauek sendatzeko landareak eta mikroorganismoak erabiltzen ditugu erremedio bezala”
Zein helburu dituzue?
Lurzoruek hainbat zerbitzu ekosistemikoz hornitzen gaituzte: elikagai eta erregaien hornikuntza, karbonoaren bahiketa, uraren erregulazioa, etab. Alabaina, lurzoru asko kaltetuta daude eta zerbitzu hauek eskaintzeko gaitasuna mugatuta daukate. Aztertzen ditugun lurzoruek estres mota ezberdinak jasan izan dituzte. Esperientzia handia daukagu lurzoru kutsatuekin, eta hauek sendatzeko landareak eta mikroorganismoak erabiltzen ditugu erremedio bezala. Klima aldaketaren eragina ere aztertu beharreko aldagai garrantzitsua da gaur egun. Hirugarrenez, nekazal ikerketarako erakunde batean lan egiten dugunez, nekazal praktika ezberdinek lurzoruetan daukaten eragina aztertzen dugu.
Zelakoa da Lea-Artibai eta Mutrikuko lurzoruaren osasuna?
Bai urak eta bai aireak kalitatearen monitorizaziorako sareak dituzten arren, lurzoruek oraindik ez dute beraien babeserako direktiba edo legedi zehatzik, eta beraien osasuna ez da modu orokor eta sistematizatu batean aztertzen. Ikerketa puntualetan gure eskualdeak aztertu izan dira, baina argazki orokorra falta zaigu. Zorionez, pixkanaka hau aldatzeko pausoak ematen ari dira.
Zerk eragiten du estres gehien inguru hauetan?
Gure eskualdearen ezaugarri nagusienak dira lurraldearen zati handi batean baso landaketak daudela eta malda oso handiak dauzkagula. Beraz, garrantzitsua da landaketa hauen kudeaketa egokia egitea, guztion aberastasuna diren lurzoruek erreketan amaitzea nahi ez badugu.
Gertatzen diren desertizazioek zelako eragina dute lurzoruetan?
Egia esan, desertifikazioa ez da arazo bat gure lurzoruetan.
“Lurzoruek hainbeste bizitza izatean, antibiotiko asko bertatik isolatu ahal izan dituzte zientzilariek, baina erresistentziak ere era kezkagarri batean hedatu daitezke”
Nekazaritza lurzoruetan ere jartzen duzue fokua. Ingurumena errespetatzen duten praktiken aplikazioetatik lurzoruen osasuna hobetzea bilatzen duzue.
Halaxe da, azken finean nekazal lurzoru osasuntsu bateko komunitate mikrobianoak gai izango dira landareek behar dituzten elikagaiak mineralizatzeko, edo supresibitate deritzon ezaugarri baten bidez izurri potentzialak kontrolatzeko. Nekazaritza praktika batzuk lagungarriak izan daitezke lurzoruentzako, baita perturbazio bat ere; hala nola goldatzeko moduak, fertilizazio ezberdinak, pestiziden aplikazioak, etab. Horri buruz, Lurzoruetako Osasun Txartelak deritzen gidaliburu batzuk atera genituen gure laborategiko analisi neketsuen osagarri gisa. Gidaliburu horiei esker, norberak bere lursailean neurketa erraz batzuen bidez jakin dezake erabiltzen ari den nekazaritza praktikak denboran lurzoruarentzako kaltegarriak edo onuragarriak izaten ari diren.
Zeintzuk dira nekazaritzako lurzoruetan eta laboreetan sortzen ari diren kutsatzaileak? Zelan nabaritu ditzakegu eta zelan aurre egin behar zaie?
Mundu mailan kezka handia sortzen ari den arazo bat antibiotikoekiko erresistente bihurtzen ari diren bakterio patogenoak dira. Lurzoruek hainbeste bizitza izatean, antibiotiko asko bertatik isolatu ahal izan dituzte zientzilariek, baina erresistentziak ere era kezkagarri batean hedatu daitezke. Beste alde batetik, animaliek kontsumitzen dituzten antibiotikoen %80raino gorotzetan ateratzen dira. Azken urteetan, metodo genetikoak erabiliz, aztertzen ari gara nola hedatzen diren antibiotikoekiko erresistentziak animali jatorridun konpost edo ximaurra lurzoruak ongarriztatzeko erabiltzen denean. Honi aurre egiteko, berebiziko garrantzia dauka konpostaje prozesua ondo burutzeak.
ReCROP proiektua jarri duzue martxan. Zer daukazue esku artean eta zer lortu nahi duzue proiektuagaz?
Proiektu honetan Mediterraneo inguruko hainbat lurraldetako zientzilariekin lan egingo dugu, Portugal, Espainia, Frantzia, Italia, Egipto, Tunez eta Marruekosekoekin. Lurralde hauetako mahasti, artasoro eta landare aromatikoen sailetan aplikatutako nekazal praktika iraunkorrek lurzoruaren osasunean daukaten eragina aztertuko dugu. Uste dut oso esperientzia interesgarria izango dela, errealitate ezberdinei buruz ikasiko dugulako eta gure neurketak baldintza oso ezberdinetako lurzoruetan egin ahalko ditugulako.