Mutrikuko ‘Kalaputxi’ herri aldizkaria, 20 urte herrigintzan hegoak astintzen
Azkar esaten bada ere, Mutrikuko herri aldizkariak aurreko hilean kaleratu zuen 20. urteurrena ospatzeko 221. zenbaki berezia; Karenka Komunikazio Elkartekoek hasierako ilusio berarekin dihardu.
Herritar askoren ahaleginaren bultzadarekin kaleratu zuten lehenengo zenbakia 2001eko azaroan eta, ordutik, aldizkaria kaleratzen jarraitzeko konpromisoari eutsita, 222. zenbakia ere atera berri dute Karenka Komunikazio Elkarteko lantaldeko kideek. Baina urte guzti hauetan une gorabeheratsuak eduki dituztela ere badiote.
“20 urtean borondatez lanean aritu garenok konpromiso eta sinesmen maila handiarekin aritu gara; herritik eta herrirako ari gara lanean. Gogotik eta ilusiotik beti egon gara indartsu, eta egiten dugun produktuak asebetetzen gaituenez, horrek aurrera jarraitzeko indarra eta kemena eman dizkigu. Baina ibilbide gorabeheratsu hau osatzea ez da erraza izan. Kalaputxi sostengatzen dugunak borondatez ari gara lanean. Ez gara arloko profesionalak eta, egia esan, lan neketsua eta handia ere bada hilabetero 24 orrialdeko aldizkari bat kaleratzea”.
Herritarrei hurbileko kontuak euskaraz eta eskura doan eskaintzeko sortu zen Kalaputxi eta, orduz geroztik, konpromiso hori berresten jarraitzen dute etxerik etxe banatzen duten zenbaki bakoitzeko. “Betidanik argi eduki dugu doako produktu bat izan behar zela, modu horretara, lehentasuna eman nahi izan diogu herritar guztiengana ailegatzeari eta horiei guztiei eskura ipintzea euskarazko irakurgai bat. Herriko gaiak landu eta herritarrak eurak protagonista bihurtzea izan da beste helburuetako bat. Herrian edozeinek zer edo zer badauka kontatzeko edo adierazteko, gu horretarako zabalik gaude beti”.
Aldizkariaren sostegu ekonomikoak bi dira. “Batetik, publizitatea dago, eta horri oso eskertuta gaude. Gure aurrekontuaren zati bat herriko establezimenduetatik datorren publizidadetik dator. Bestetik, Mutrikuko Udalaren laguntza dago, eta goragoko erakundeen laguntza ere eduki izan dugu. Gure esker ona adierazi nahiko genieke gure biziraupena bermatzen duten horiei”.
AEBetara, Alemaniara, Ingalaterrara, Bartzelonara eta Cadizera eta beste hainbat tokira bidaltzen dituzte aldizkariak hilero-hilero
Abuztuan izan ezik, hileroko hirugarren astean, 2.200 ale argitaratzen dituzte. “Hilabete batean bakarrik huts egin du paperezko argitalpenak. 2020ko apirileko zenbakia ez genuen paperean kaleratu, baina herriko kaleak hutsik agertzen ziren argazkiez osaturiko aldizkaria kaleratu genuen webgunean. Hutsune hori beste era batera bete genuen Interneten”.
Ale horiek herriguneko eta baserri auzoetako buzoi denetara ailegatzen dira. Herriminez dauden beste lagun ugari ere badituzte irakurle inguruotan zein erbestean. “Hasiera-hasieratik garbi eduki genuen herriko etxe denetara ailegatu behar ginela, baina horrekin batera ere, garbi genuen herritik kanpo bizi diren mutrikuarrengana ere ailegatu behar ginela. Bidalketa gastuak ordainduta, hilabetero bidaltzen dugu aldizkaria kanpora”. Beasain, Zumarraga, Plentzia, Algorta edo Euskal Herriko beste hainbat tokira ere bidaltzen dituzte aldizkariak hilero-hilero. Urrutiago ere ailegatzen da Kalaputxi: AEBetara, Alemaniara, Ingalaterrara, Bartzelonara eta Cadizera, besteak beste.
Bestalde, 2001az geroztik argitaratutako zenbaki guztiak kontsultatzeko aukera ere badago www.kalaputxi.eus webgunean. “Besteren artean, hemeroteka zerbitzu antzerakoa ematen du gure webguneak. Paperean kaleratzen ditugun zenbaki guztiak hor eskegitzen goaz. Hor daude guztiak herritarren eskura”.
Aldizkariak luzerako bizi nahi baldin badu, euren lekukoa hartuko dutenen laguntza berebizikoa dela nabarmendu dute
Lekuko berrien beharra. Gaur egun “hamaika saltsatan sartuta dabiltzan” lau pertsonak osatzen dute Kalaputxi-ren lantalde iraunkorra. Horiei laguntzen hilero kolaboratzaile talde txiki bat ere aritzen da. Jende gehiagoren beharra dutela azpimarratu dute. “Edozein ekarpen gutxi dela pentsatu arren guretzako laguntza handia izan daiteke. Laguntza guztia besozabalik hartuko dugu”.
Etorkizunera begira asmo asko dituzte, baina aldizkariak luzerako bizi nahi baldin badu, euren lekukoa hartuko dutenen laguntza berebizikoa dela nabarmendu dute. “Guk gure bidean jarraituko dugu ahal dugun bitartean, baina lekukoa hartuko digutenak beharrezkoak ditugu. Atzetik datozen horien zain gaude oraindik”. Lantalde iraunkorrean parte hartu edo kolaboratu nahi dutenek kalaputxi2001@gmail.com edo aldizkaria@kalaputxi.eus helbide elektronikoetara idatzi dezateke.